Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 96,3 milioi euroko zerga iruzurra aurkitu zuen joan den urtean. Aurreko urtean baino 15 milioi gehiago dira, eta horren zati bat dagoeneko berreskuratu du. Bizkaiak, bere aldetik, azaldu du 560 milioi berreskuratu edo berreskuratzeko moduan dagoela. Gipuzkoak datorren astean jakinarazi behar du bere datua.
Bizkaiko kopuruak harridura sortu du, aurreko urteetako kopurua baino nabarmen handiagoa delako. Urteko aurrekontuaren %40 da, edo gizarte ekintzan gastatzen duena.
Kopuru horretara heltzeko, zerga ikuskatzaileek atzemandako iruzurra ez ezik, errenta aitorpenetan egindako zuzenketak ere kontuan hartu ditu Bizkaiko Ogasunak, hau da, herritarrek aitorpenean ahaztu dituzten diru kopuruak ere zenbatu dituela.
Antzeko prozedura erabili du Arabako Aldundiak ere. Izan ere, 44,6 milioi euroko iruzurra Ogasuneko «operazio arruntei» esker aurkitu du. Gehientsuenak, 40,2 milioi, zerga zuzenei dagozkie—errenta, sozietate eta kapitalen gainekoak— eta gainontzekoa BEZean eta beste zeharkako zergetan.
Zerga ikuskatzaileek, berriz, 51,6 milioi euroko iruzurra atzeman dute. Horietatik 9,8 milioi euro enpresa handien unitate bereziak aurkitutakoak dira. Kasu horretan, iruzurraren zatirik handiena BEZean (26 milioi) edo sozietate zergan (16 milioi) egindakoa da. Ikuskatzaileek antzeko kopuruak aurkitu dituzte azken urteotan.
EAJk Agirreren lana txalotu du
EAJko biltzarkideen taldeak ontzat jo ditu datuak, eta Xabier Agirre jeltzalearen aurreko aldundiak indarrean jarritako neurriei esker lortutakoak direla nabarmendu du. 2007. urtean, Agirrek boterea hartzean, 41 milioi atzeman zituzten zerga iruzurrean, eta horren %134 izan da aurten.
Arabako Aldundiak 96,3 milioi euroko iruzurra atzeman zuen iaz
Erdia ikuskatzaileek aurkitutakoari dagokio, eta beste erdia errenta aitorpenak berrikustean atzeman dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu