"Erronka handia" dute aurrean. Araex Arabako Errioxako upategi independenteen talde esportatzaile handienak ez du kezka ezkutatu: Erresuma Batua eta AEBak dira haien bezero nagusiak, eta egoera nahasia da. Hurrenez hurren, %18 eta %14,2koa da herrialde horien merkatu kuota Araexen esportazioetan, eta Airbus auziaren harira AEBek iragarritako muga zergek eta brexit-ak sortutako ezegonkortasun politikoak "esportazioen parte inportanteenetan eragin" dezaketela ohartarazi du Javier Ruiz de Galarreta Araex taldeko presidenteak.
Aurtengo lehen sei hilabeteetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik 26 milioi euro esportatu zituzten AEBetara ardotan —txakolina ere sartzen da hor—. Horietatik gehienak Arabatik (22,6 milioi), eta gutxiago Gipuzkoatik (2 milioi pasatxo) eta Bizkaitik (1,2 milioi). Iaz, 146 milioi euroren esportazioak izan ziren. Orain, ordea, Donald Trump AEBetako presidenteak %25eko muga zerga ezarri nahi die EBko ardoei. Horrek eragin handia izan dezake Araexen esportazioetan; merkatu berrietara begira hasi arren, funtsezko zaie merkatu handi horiei eustea ere.
Erresuma Batuaren eta AEBen atzetik, Suitza (%10) eta Alemania (%9) dira EAEko ardoen merkatu garrantzitsuenak.
Txinara begira ere hasia da Araex. Hamar urte soilik daramatzate haiek ardoa hartzen, baina mundu osoko ardoaren %21 kontsumitzen dute dagoeneko. Iaz, bulego bat ere ireki zuten han, "urte gutxiren buruan ardoaren munduko merkatu handienetako bat izango delako".
Uzta "historikoa"
Uztari buruz ere mintzatu dira Bodegas y Viñedos de La Bastida upategian egindako ekitaldian. Mahats zuria jasoa dute dagoeneko, eta asteon espero dute beltzaren bilketa orokortzea. Aurtengo uzta definitzeko, bikain hitza motz geratu zaie ardogileei: "historikoa" izango dela ziurtatu dute gaur. Izan ere, "urte askotako baldintzarik onenak" eduki dituzte aurten.
Ruiz de Galarretak ez ezik, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak ere hartu du hitza ekitaldian, eta Arabako Errioxako ardoak "ezberdintzeko" beharra nabarmendu du, bai kalitatea hobetuz, bai hura zabaltzeko tresnak jarriz. Gipuzkoako eta Bizkaiko kontsumitzaileei ere egin die ohar bat, datu bat emanez: EAEn hartzen den ardoaren laurdena baino ez da bertan egindakoa —Arabako Errioxa, txakolina...—. Beraz, kontsumitzeko ohituretan ere zer egina badagoela uste du Gonzalezek, Errioxako markara joagatik, beste lurralde batzuetako ardoak hartzen direla-eta. "Euskadiko ardoa Arabako ardoa da", esan du Gonzalezek, eta aurreratu du lanean ari direla Arabako Errioxako ardoentzat kalitate ziurtagiri bat egiteko.