"Une kritikoa da enpresentzat". Hitz horiekin laburbildu du Juan Ugarte Arabako SEA patronaleko idazkariak herrialdeko enpresek bizi duten egoera. Arabako 300 enpresei egindako inkestaren ondoren, krisia hasi zenetik unerik txarrena dela ondorioztatu du patronalak. Merkatua atzera egiten ari dela uste dute lau enpresatik hiruk. Datozen hilabeteotan ere egoerak ez duela hobera egingo uste du ehuneko berdinak. Krisia hasi zenetik datu okerrenak dira.
Ugartek eta SEAko zuzendariaren albokoak, Aitor Otaolak, joan den abenduan egindako industria barometroaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur. Sektoreei dagokionez, eraikuntzak ditu emaitzarik txarrenak. Hain zuzen ere, enpresen %96k uste du merkatuan atzeraldi oso handia dagoela. Enpresen fakturazioa, batez beste, %27 erori da, eta %24k ekoizteko duen gaitasunaren %40 baino gutxiago erabiltzen ari da.
Enpleguari dagokionez, urte arteko tasan %48tik %40ra jaitsi da enplegu sorrera txikiagoa izan duten enpresen kopurua. Haatik, aurreikuspenak alor horretan ere ez dira onak. Enpresen %29k laburrera begira kaleratzeak egitea espero du, eta ehuneko hori %35era igotzen da epe ertainera. Soilik %3k erantzun du datozen hilabeoetan lanpostuak sortuko dituela.
SEAko idazkariak krisiari aurre egiteko "premiazko neurriak" eskatu dizkie administrazio publikoei. Krisia hasi zenetik herrialdean 783 enpresa itxi dira, eta 1.400 autonomok lana utzi dute. Enpresaburuen %58 inbertsioei eusteko prest dagoela azpimarratu du Ugartek, eta horiei laguntzeko kontsumoa nahiz enplegua sustatzea exijitu du. Erakunde publikoetan adostasuna bilatu beharra aldarrikatu du, eta, ildo horretan, PPk eta EAJk Gasteizko aurrekontuetan lortu duten akordioa goratu du.