Ardogintza

Arabako Errioxako AHTaren proiektuaren aurka azaldu da Jaurlaritza

Espainiako Gobernuak Miranda Ebro eta Logroño lotzeko proposatu dituen lau proiektuetatik bik Arabako mahastiak zeharkatuko lituzkete, eta Gasteiz ez dago ados horrekin, "inolaz ere".

Villabuenako mahastiak, Arabako Errioan. IÑIGO URIZ /ARGAZKI PRESS
xabier martin
2017ko abenduaren 20a
13:54
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ez du nahi Miranda Ebro eta Logroño lotuko lituzkeen AHTa Euskal Herritik igarotzera. Zehatz esateko, ez du nahi AHT hori egin dadin, ez du beharrezkoa ikusten, "ez delako lotune naturala" euskal Y eta Mediterraneoko ardatzaren artean. Lotune horren pasabidea Iruñea dela uste du Lakuak eta, beraz, sinetsita dago ez duela zertan pasa AHTa Errioxatik.

Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak, ordea, Miranda Ebro eta Logroño lotzeko lau proiektu plazaratu zituen joan den astean. Gasteiz eta Burgos lotura egin behar denez gero, AHTa Miranda Ebrotik pasatuko da, eta hortxe egin nahiko luke lotuta ministroak AHTa Logroñora eramateko; handik, Zaragozara joango litzateke, ardatz mediterraneoarekin bat egiteko.

"Ez dugu aukera hori aintzat hartzen, inolaz ere, eta ez dugu ideia horretan lan egingo", esan du Eusko Jaurlaritzak. Arabako Errioxa zeharkatu dezakeen AHTa "ez dago Jaurlaritzaren planean". Izan ere, Kantauriko ardatza eta Mediterraneokoa lotzeko Iruñea da lotune naturala, haren ustez, eta ez Logroño. Espainiako Sustapen ministerioarekin "dagoeneko landu den" aukera da hori. Miranda Ebro-Logroño ibilbideak "ez du asebetetzen" Gasteizko Gobernua, "ez duelako inolako zentzurik" AHT bat Arabako Errioxatik pasatzea.

Halaber, Gasteizek garbi utzi du De la Sernak mahairatutako lau proiektuetako batek "asko zigortzen duela" Euskal Herriko eskualde ardogilea, haren ingurumen zaindua dela eta. Miranda Ebro-Logroño lotura egintekotan ere, beste ibilbide batzuk badirela gogoratu du, "errepidearen paraleloan joanda". Hau da, Espainiako lurretatik, Errioxatik, Ebroren hegoaldera.

Unescoren izendapena

Arabako Errioxak Munduko Ondare izendatu dezaten hautagaitza aurkeztu dio aspaldian Unescori, Ardo eta Mahastiaren Kultur Paisaia gisa, eta datorren urtean erakunde horrek izendapena eman diezaioke. Arabako Errioxaren ingurumenaren altxorraz garbi hitz egiten du hautagaitzak, eta izendapena baletor, are zailagoa izango litzateke AHTa eskualdean barna egitea, are babes handiagoa lukeelako.

Edonola ere, AHTaren proiektuaren albisteak kezka handia eragin du sektorean eta hari lotutako beste atal guztietan, zerbitzuetatik hasita. Arabako Errioxa ardoari esker bizi da; ardoaren inguruan eraiki du bere industria eta bere zerbitzuen esparrua, eta urte askotako ahaleginak emandako sonari urradura galanta eragin diezaioke azpiegutura erraldoi baten txikizioak, esate baterako, Bastida edota Eltziego moduko herri zainduetan.

ABRA mahastizain eta upategien elkarteak "erabateko oposizioa" azaltzera deitu ditu erakundeak eta gizarte osoa, AHTak gurutzatuko balu, "Arabako Errioxa gaur ezagutzen den moduan desagertu egingo litzatekeelako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.