Jarduera ezberdinetakoak dira, baina denak industria alorrekoak, eta lan gatazketan sartuta daudenak. Alestis, Aernnova, Cegasa, Condesa, Laminaciones Arregi eta Sidenor-Gerdauk osatzen dute zerrenda hori. LAB sindikatuaren ustez, enpresa “erabakigarriak” dira Arabarentzat eta herrialdeko bizilagunen bizi-kalitatearentzat. Herrialdeak duen egoera ekonomiko larriari buruz ohartarazi du sindikatuak, lantegi horietatik abiatuta. “Langabezia tasa %20ra hurbiltzen ari da, eta industria ehuna suntsitzen ari da”, Asier Imaz industria federazioko idazkariaren arabera. Apirilean 28.658 langabe zeuden Lanbideko bulegoetan erroldatuta, horietatik %15 bigarren sektorekoak.
Egoera ezberdinak dituzten enpresak dira. Batzuek egoera ekonomiko hobea dute, besteek txarragoa, baina ezaugarri komun batzuk ere badituzte, LABen irudiko. Talde handien parte dira, diru laguntza publikoak jaso dituzte, eta lan erreforma baliatzen ari dira enplegua ezabatzeko eta langileen baldintzak aldatzeko. Imazen ustez, administrazio publikoek ez dute ezer egiten egoera hori aldatzeko, “bereziki Eusko Jaurlaritzak”. Horren haritik, bezperan Mercedes-Benz lantegian ikusitako irudia kritikatu du. “Mercedes irla bat da herrialdean, jarduera nonnahi suntsitzen da, eta ez da inbertsiorik”.
Aipatutako sei lantegien egoera “zaila” dela azpimarratu du Igor Txillon, Arabako LABeko industria ordezkariak. Guztien artean 2.000 lanpostu zuzen eta zeharkako beste ehunka bermatzen dituzte. Arazoek jatorri ezberdina dute, baina Txillonen ustez, horietako batzuk behin eta berriro errepikatzen dira. “Kudeaketa kaskarra egon da, langileei ez zaie informaziorik ematen, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea oso txikia izan da”, Txillonen hitzetan. Era berean, Espainia mailako sindikatu nagusiek, UGTk eta CCOOk, erabaki esparrua Euskal Herritik kanpora eraman nahi dutela ohartarazi du.
Mobilizazio kanpaina
Egoera ikusita, herrialdeko industriaren aldeko mobilizazio kanpaina abiatuko du LABek. Erantzun hori ahalik eta handiena izan dadin, beste sindikatuen parte-hartzea bilatu dutela azaldu du Gotzon Kortazar sindikatuko Arabako arduradunak, baina ez dute lortu. Arrazoiak ez dira berdinak. UGT eta CCOOrekin bat-egitea baztertu du Kortazarrek, baina ELArekin elkarlana sustatzeko prest segitzen dutela azpimarratu du: “Orain ez da lortu, baina LABen eskuak luzatuta segitzen du”.
Maiatzaren 30ean hasiko da kanpaina. Aldez aurretik, gatazkak dituzten enpresen batzordeetara proposamenak eramango dituzte. Egun horretan, berriz, goizean auto karabana egingo dute, sei enpresa horietatik igarota, ondoren Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Lakua auzoan duen egoitza nagusian amaitzeko. Arratsaldeko zazpiretan, berriz, elkarretaratzea egingo dute Posta plazan, SEA Arabako Enpresaburu Elkartearen aurrean.