ZERGA BILKETA

Arabako zerga bilketa %2,96 hazi da abuztura arte

Batez ere, errenta zergak eta sozietateei dagokienak egin diote tira bilketari. 2016an lehen aldiz, positiboan amaitu du hilabetea: %9,40 igo da. Bizkaiko eta Gipuzkoako datuen zain, geroz eta zailagoa dirudi %7ko hazkunde iragarpena betetzea.

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, erdian, otsaileko Finantzen Euskal Kontseiluan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko irailaren 13a
09:19
Entzun

Urteak aurrera egin eta egiaren ordua gerturatu ahala, seigarren martxa sartu du Arabak. Abuztura arteko bilakaera da horren isla. Iaz tarte berean baino %2,96 gehiago bildu du zergetan, eta zortzi hilabeteotan, guztira, 1.206,2 milioi euro pilatu ditu. Sozietateen zergak egin dio tira bilketari, 2016an lehen aldiz positiboan amaitu baitu hilabetea: %9,40 igo da. Zehazki, iazko abuztuan baino 12 milioi euro gehiago jaso ditu aurtengoan, Araban tributatzen duten enpresen eta sozietateei esker.

Igoera horrek politika publikoei eta sozialei eusteko bidea eman diela nabarmendu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. Gogorarazi du, halaber, datuek baieztatu egin dutela 2013ko udazkenean onartutako zerga erreforma fruituak ematen ari dela, diru gehiago biltzeaz gain gehiago dutenek gehiago ordaintzen dutelako. Zuzeneko zergak, adibidez, %3,65 hazi dira lehen zortzi hilabeteotan, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren bultzadari esker: %3,7 igo da.

Hain justu, errenta aitorpenaren kanpainaren ageriko hobekuntzari zor dio hazkunde hori Arabak. Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, bilketa nabarmen handituta itxi du kanpaina: iaz baino 25 milioi gehiago (%21,13) patrikaratu ditu. Zeharkako zergei dagokienez, %1,34 igo dira abuztura arte, BEZa -%0,34 apaldu arren. "Esportazioak ari dira Arabako ekonomia hauspotzen, eta hortik dator jaitsiera hori. Alde batetik, bultzada ikaragarria dira gure ekonomiarentzat, enplegua eta lan errendimendua sortzen dutelako, baina BEZari kalte egiten diote, esportazioek ez baitute zerga hori ordaintzen".

Iragarpenetik urrun

Edonola ere, bilketak oso igoera ikusgarria izan beharko du hurrengo hilabeteotan iazko urrian eginiko aurreikuspena bete nahi badute. Hazkundea, oro har, ez da txikia, baina ez da iristen esperotako %7ra: zehazki, iaz baino %7 gehiago jasoko zutela kalkulatu zuten, 886 milioi gehiago. Arabari, esaterako, %5,5eko hazkundea dagokio, baina, orain arteko erritmoa bizkortzen ez badu, nekez beteko du helburua. Udan enpleguaren bilakaera hobetzeak eta esportazioak handitzeak zenbaki gorrietatik irtetea ahalbidetu badiote ere, motz geratzeko arriskua du. Gonzalezek berak zail ikusten du: "Itxarotea besterik ez dugu, oraindik badugulako denbora pixka bat. Uda aurretik negatiboak ziren datuak, eta ordutik hazten ari gara, etenik gabe".

Ahaldun nagusiaren hitzetan, "argi eta garbi" hazten ari da Arabako bilketa, baina esportazioen gorakadak eta Rajoyren lan erreformak %5,5era iristea oztopa diezaieketela uste du. "Itxiera, hori bai, positiboa izango da", ziurtatu du. Iraileko datuak eskuan, aurreikuspen errealago bat egin ahalko dutela azaldu du Gonzalezek, Finantzen Euskal Kontseiluan urriaren 15aren bueltan bilduko baita berriro. Hurrengo egunotan emango dituzte beren datuak Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek, eta oso litekeena da Arabakoaren pare ibiltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.