Itxierak

Araban dituen bi lantegiak itxi eta 350 langile bota nahi ditu Celsak

Zuzendaritzak eskatutako murrizketei uko egin diete langileek, eta kontratu guztiak deuseztatzeko dosierra egin du enpresak«Badakigu edozein akordio txarra izango dela», aitortu du langile batzordeko buruak

Celsa Atlanticeko langileek atzo egin zuten protesta. LAB.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Geroz eta ilunagoa da geroa Celsa Atlanticeko langileentzat. Laminaciones Arregui ohiak hordagoa bota die sindikatuei, eta Araban dituen bi lantegiak ixteko nahiz indarrean dauden kontratu guztiak deuseztatzeko, erregulazio dosierra aurkeztu du. Araban, 352 langile ditu Celsak, Gasteiz hiriburuan eta Urbina herrian.

Orain dela aste batzuk bestelako proposamen bat aurkeztu zien zuzendaritzak sindikatuei. Horretan, 91 langile kaleratzea aurreikusten zuen, eta beste guztiei lanaldia igotzea eta soldatak %30 jaistea exijitu zien. Azken lan erreforman oinarritutako murrizketa gogor horiek onartuta ere arduradunek ez zutela enpresaren etorkizuna ziurtatzen ohartarazi zuten sindikatuek.

Gasteizko eta Urbinako lantegiak ez direla errentagarri argudiatu du Celsak. Sindikatuen ustez, ordea, enpresak dituen finantza arazoak langileen lepotik ordaindu nahi dituzte. Azkenaldian taldeak egindako inbertsioak ez direla onuragarriak izan kritikatu dute. Honezkero langileek ahalegin ugari egin dituztela nabarmendu dute, halaber, 2009. urtean bi erregulazio dosier indarrean egon ondoren.

Proposamena aurkeztu ondoren, langile batzordearekin negoziazioak abiatu zituen zuzendaritzak. Ez zuen kaleratzeekin atzera egin, baina eskaerak leundu zituen beste alorretan. Urteko lanaldia hamahiru egun luzatzeko neurria baztertzeko prest agertu zen enpresa, baina trukean %10eko malgutasuna ezartzeko eskatu zien, eta nahierara erabiltzeko lanordu poltsa bat, autogintza enpresetan egiten den gisara.

Soldatari dagokionez, murrizketa %20ra mugatzea proposatu zuen langile gehienentzat. Murrizketa hori indarrean egongo litzateke enpresak irabaziak izan arte, eta, orduan, %20 hori soldata aldakorra bihurtuko litzateke, finantza emaitzen (%10) eta industria emaitzen (%10) araberakoa. Akordioa gauzatzeko hamar urterako lan ituna nahi du Celsak, 2010. eta 2020. urteen artekoa. 2014. urtera arte soldatak ez luke hazkunderik izango, eta urte horretatik aurrera %1 igoko litzateke. Aldi berean antzinatasun saria kenduko litzateke nominatik.

Proposamenak aztertzeko batzarra egin zuten Celsako langileek joan den asteburuan. UGT sindikatuak emandako informazioaren arabera, 349 langiletik 273k hartu zuten parte. Sindikatuek enpresaren eskaerak errefusatu zituzten, eta kalean aurka egiteko protesta egutegia aurkeztu zuten. Hiru lanuzte egun asteon, eta beste hiru datorren astean. Enpresak jarrera aldatuko ez balu, greba mugagabea hasiko litzateke maiatzaren 21ean. Batzarrean langileen %86k mobilizazioen alde bozkatu zuten.

«Kolpe gogorra»

Hirugarren lanuzte eguna atzoko deitua zuten Celsako beharginek. Aurrekoetan bezala langile guztiek bat egin zutela nabarmendu zuten sindikatuek. Bezperan jaso zuten bi lantegiak ixteko mehatxua, eta atzo jakinarazi zuten, Eusko Legebiltzarraren ondoan egin zuten elkarretaratzean. Langileentzat «kolpe gogorra eta ustekabekoa» izan dela onartu zuten sindikatuetako ordezkariek. «Zuzendaritzak oso gogor jokatzea erabaki du langileen aurka», salatu zuen Roberto Meiro UGTko ordezkariak.

Datorren asteartean dosierra negoziatzeko prozesua abiatuko da. Bilera horretan zuzendaritzak nolako eskaintza eskainiko dien zain dira sindikatuak. Asier Giraldo batzordeko presidentearen ustez, itxieraren mehatxua enpresaren hordagoa izan liteke, aldez aurretik eskatutako murrizketak onar ditzaten. Batzordea baldintza horiek onartzeko prest egon ahal dela iradoki zuen Giraldok, betiere aurrerago enpresa itxiko ez dela bermatzen bazaie. «Badakigu edozein akordio txarra izango dela», azaldu zuen Giraldok. Orain arte batera jokatu du langile batzordeak, baina gehiengo osoa du UGTk, bederatzi ordezkarirekin. ELAk bost kide ditu, LABek bi eta bakarra CCOOk.

Legebiltzarraren aurrean egindako elkarretaratzetik aparte, LAB sindikatuak manifestazioa egin zuen SEAko egoitzaraino, Celsa Atlanticeko langileen egoera salatzeko. Santi Diaz de Espada LABeko ordezkariaren aburuz, enpresaren iragarpena presio ekintza bat baino gehiago da. «Bi lantokiak itxi nahi dituztela esan dute. Dagokion garrantzia aitortu eta aurre egin behar zaio xantaia horri», azaldu zuen.

Arabako enpresa historikoetako bat da Laminaciones Arregui. 1958. urtean sortu zen, eta, harrezkero, metalezko hodiak nahiz zumitzak ekoizten ditu. 1996. urtetik Celsa taldearen eskuetan dago Bartzelonan egoitza duen konpainia. Euskal Herrian presentzia esanguratsua du Celsak. Alde batetik, Bizkaian Trapagarango Nervacero lantokiaren jabea da. Bestetik, Acierie de L'Atlantique altzairutegia du Baionan, 260 langilerekin.

Laminaciones Arregui ohia ez da kinka larrian dagoen taldeko enpresa bakarra. Joan den apirilaren 30ean antzeko murrizketak exijitu zizkien enpresak Nervaceroko beharginei. Hain zuzen ere, 55 langile bota, besteei soldatak %30 jaitsi eta urteko lanaldia 160 ordu luzatzea nahi du. Bestela, lantegia «berehala» ixtearekin mehatxatu ditu. Gaur egun, 355 langile ditu Nervacerok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.