Arabarrei zabalik, urte hasieran osatuta izango da Mutualia

Bizkaiko Zergintza Industriala eta Gipuzkoako Pakea mutualitateek abian jarri dute ofizialki bat-egitea

Irune Lasa.
2005eko urriaren 18a
00:00
Entzun
Hiru urte egin dituzte hausnarrean eta azkenean, arre edo so,aurrera egitea erabaki dute. Oraingoz bi dira bat egingo duten mutualitateak, Bizkaiko Zergintza Industriala eta Gipuzkoako Pakea. Baina, hirugarrenak ere, Arabako Previsorak, zabalik izango ditu ateak hark nahi eta ahal duenerako. Hori argi utzi nahi izan zuten atzo bat egingo duten bi erakundeetako presidenteek, gaur egun Bizkaiko Zergintza Industrialeko presidentea den eta Mutualiako lehendakari izango den Urtsa Erraztik eta Pakeako presidente Jose Maria Etxarrik. «Hau hiruren bat-egitea da», esan zuen Etxarrik. «Ez dugu galtzen esperantzarik horretan».

Izan ere, Arabako mutualitateak hasiera-hasieratik hartu du parte prozesu hau abiatzeko elkarrizketetan. Hasiera batean, elkarlana aliantza estrategiko moduan pentsatu zuten hirurek, baina Espainiako Gobernuari aurkeztutako lau proiektuek ezezkoa jaso zuten. Lan ministeriotik, ordea, bat-egiterako arazorik ez zutela izango esan zieten. Hori bai, zenbait iturriren arabera, Arabakoek ez lukete ministerioaren bedeinkaziorik izango Bizkaikoekin eta Gipuzkoakoekin bat egiteko. Are gehiago, Previsorak Kataluniako Cyclops mutualitatearekin bat egin zezan nahi ei zuten Madrildik, eta Ministeriotik presio egin omen zuten Gasteizen, mutualitate arabarrak erreserbak estaltzeko arazoak dituelako aitzakiarekin. Hala salatu zuten iturri sindikalek. Irailaren amaieran, ordea, Previsorako Zuzendaritza Batzordeak uko egin zion Cyclopsekin bat egiteko eskaintzari.

Arabarrak «ahal dutenean»

Hala ere, badirudi Previsorak oraingoz ez duela nahi edo ezin duela Mutualian sartu. Ezintasunaren arrazoiak luke, dena den, pisu handiena Hori antzeman zitekeen atzo Etxarri eta Erraztiren hitzetatik: «Ez dago egutegirik Previsora sartzeko, ahal duenerako ateak zabalik izango ditu», esan zuen Erraztik. Izan ere, arabarren zain, prozesua luzatzen ari zela pentsatu dute Bizkaian eta Gipuzkoan, eta eurek aurrera egitea erabaki dute, finantza urte berri hasterako urtarriletik aurrera Mutualia abian izateko. «Bestela beste urte bat galduko genuen», azaldu zuen Erraztik.

Bat-egitearen helburua: mutualitateen sektoreak bizi duen kontzentrazio prozesuan «behar bezalako neurria» izatea. Eta behar bezalako lekua izateko hazi egin behar dute. Hazi zertarako? «Zerbitzu hobeagoa eta eraginkorragoa emateko», azaldu zuten bi arduradunek. Handiagoak izanik, mutualitateak inbertsio eraginkorragoak egin ditzakela azaldu zuten. Bestalde, «enpresa, erakunde eta sindikatuekin interlokuzio maila hobetzeko» helburua ere badute hazkunde asmo horiek. Ildo horretan, Etxarrik azaldu zuen Eusko Jaurlaritzakoak direla eurek babesten dituzten langileen %20.Lan eremu geografikoa zabaltzeko asmoa ere badu Mutualiak: «Gure enpresa bazkideei jarraitu ahal izateko». Horretarako ere handitzea beharrezko jo dute. Hedapenerako bi bide erabili nahi dituzte: inbertsioak egitea eta mutualitate txikiagoak «xurgatzea». Hego Euskal Herriko mutualitateek Espainian lan egin dezakete arazorik gabe. Hala ere, Previsoraz gain, beste mutualitateren batekin hitz egin dutela ukatu egin zuen Erraztik. Handiagoak izanda, kostuetan sinergiak lortuko dituztela ere azaldu zuten bi arduradunek. Zentzu horretan, langile kopururik ez dutela murriztu azpimarratu zuten, bat egingo duten bi erakundeek lan eremua desberdina delako, hots, batek gehienbat Bizkaian eta besteak Gipuzkoan lan egin eta elkar ez dutelako zapaltzen. Hazteko bide horretan, bi urteren buruan lau zentro berri zabaltzea ere aurreikusten du Mutualiak, guztiak Gipuzkoan, 1,5 milioi euroko inbertsioa eginez. Orain, azaroaren 7an bat egitea onartu behar dute bi mutualitateek, ezohiko batzar banatan. Bat egiteko baimena hurrengo egunean bertan aurkeztuko dute Lan ministerioan eta hark hiru hilabete izango ditu baimena emateko. Hala ere, 2006. urtea Mutualia bezala hastea espero dute.

LAB-EN PROTESTA



Eta Nafarroa zergatik ez?



Aurkezpenaren ordu berean, Pakearen egoitzaren atarian elkarretaratzea egin zuen LABeko ordezkaritza batek. Langileei bat-egiteari buruz informatzeko, langileen lan baldintzak eta enpleguak bermatzeko. Bat-egitea Euskal Herriko eremurako egin beharko litzatekeela uste du, ez soilik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikuspegitik. Bat-egitea soilik «negozioa egiteko» izan ez dadila bermatzeko eskatu zion LABek Jaurlaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.