Espainiako Gobernuak abian jarri nahi duen lan erreformaren aurka gehiengo sindikalak antolatutako ekimenekin bat egin du Aralarrek, eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die langile guztiei. “Bizi dugun krisi egoera gogor honetan, kaltetuenak langileak izaten ari direnean, eta Nafarroa, Euskadi zein Espainiako gobernuak proposatzen dituzten neurriak langileen interesen kontra doazenean, egungo sistema bermatzea besterik bilatzen ez dutenean, kalera ateratzea ezinbestekoa da. Euskal Herriko gehiengo sindikalak martxoaren 2 eta 27rako deitu dituen mobilizazioekin bat egiten du Aralarrek, eta horietan parte hartzera deitzen ditu Euskal Herriko langileak”, adierazi du Rebeka Ubera batzarkideak, Jon Abril Aralarreko koordiantzaileorde eta Aritz Romeo Iruñeko zinegotziarekin egin duen agerraldian.
Uberak azpimarratu du Espainiako Gobernua Euskal Herriko gehiengo sindikalaren kontrako neurriak hartzen ari dela, "CCOO eta UGT sindikatuen eta patronalaren laguntzarekin". Ondorioz, arlo ekonomikoan ere erabakitzeko eskubidea funtsezkoa dela erantsi du: “Euskal herritarrok, arlo honetan ere, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, gure pentsio sistema propioa eduki eta geuk definitu ahal izateko, langileen ordezkaritzaren gehiengoarekin adostuta. Gizarte Segurantzaren kudeaketa Euskal Herriko instituzioen esku egotea ezinbestekoa da”. Besteak beste, erretiro adina atzeratzea "onartezina" dela adierazi du.
Gehiengo sindikalak -ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru- elkarretaratzeak egingo ditu Hegoaldeko hiriburuetan martxoaren 2, 8 eta 27an. Krisia eragin duten politiken kontra neurririk ez dela hartu salatu dute, eta ez dute baztertu datozen hilabeteetan grebara deitzea.
Ekonomia
Aralarrek bat egin du gehiengo sindikalak lan erreformaren aurka antolatutako ekimenekin
Gobernuak proposatzen ari diren neurriak langileen kontrakoak direla iritzi dio, eta kalera ateratzeko deia egin du. Era berean, ekonomiaren, eta, batik bat, pentsio sistemaren arloan ere erabakitzeko eskubidea funtsezkoa dela aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu