Aranburu: «Ez dugu normaltasun kapitalistara itzuli nahi»

Maiatzaren Lehena «normaltasun berri baten oinarriak» aldarrikatzeko erabiliko du LABek. ELAk, berriz, «Bizitza gara!» leloa hautatu du, erantzun kolektiboen beharra gogorarazteko.

Garbiñe Aranburu, gaur, Donostia ospitalean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 24a
12:16
Entzun

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Donostia ospitalearen aurrean azaldu du Maiatzaren Lehenean bere sindikatuak zabalduko duen mezua. Atzean zituen osasun zerbitzuetako langileak, haien lana eta oinarrizko zerbitzuetako langile guztiena aldarrikatu nahi baitu LABek Maiatzaren Lehenean. COVID-19aren proba egiteko eskatu du, haiei lehenik, eta gainontzeko herritarrei ondoren.

Aranburuk salatu du goizegi berreskuratu nahi izan dutela batzuek jarduera ekonomikoa; «osasuna eta pertsonen beharrak lehentasuna diren» normaltasun prozesu bat aldarrikatu du, «kapitalaren interesak» lehenetsi gabe. «Normaltasun berri bat nahi dugu, baina ez aurrekora itzultzea dakarren normaltasun bat, bizitza duinari bide ematen ez dion eta planeta txikitzen duen normaltasun bat».

Maiatzaren Lehenean aldarrikatuko duen normaltasun horren ardatzak azaldu ditu LABeko idazkari nagusiak. Batetik, sektore publiko indartsu bat eskatuko du, osasun eta zaintza sistema publikoak dituena. Ekoizpen eta kontsumo ereduak ere berriro pentsatu behar direla uste du sindikatuak, eta zerga politika «banatzaileago» bat ere bai. Gainera, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea bultzatu nahi du, «alarma egoera birzentralizaziorako baliatzen ari direlako». 

Aurtengo Maiatzaren Lehena ezohikoa izango da, ez baita manifestaziorik izango. Horren ordez, LABek auto karabana bat egingo du, eta oinarrizkotzat dituen lantokietatik igaroko da, hango langileei babesa adierazteko. Beste leku batzuetatik ere pasatuko da, «kapitalaren interesak soilik defendatzen dituztenak kritikatzeko«

Internet bidez zabalduko du LABek bere mezua, 12:30etan. Herritarrei eskatu die Maiatzaren Lehenerako gehiengo sindikalak prestatu duen ikur bateratua erakusteko beren leihoetan eta balkoietan.

ELAk «kapitalismoaren porrota» salatuko du

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, berriz, 12:00an zabalduko du bere mezua, Internet bidez hark ere. Hark ere «kapitalismoaren porrota» aldarrikatuko du langilearen nazioarteko egunean. «Aldaketa handiak behar ditugu: austeritate politika alde batera utzi; bizi jasangarriak izan; zaintza lanari garrantzia eta balioa aitortu; zerbitzu publikoak eta oinarrizko lanen balioa indartu; gure ekonomia lurraldean errotu, globalizazioaren aurka… Justiziarako eta iraunkortasunerako bide bakarra dago: trantsizio sozial, feminista eta ekologistan aurrera egitea. Horretarako, gure ondasunik handienak ditugu mobilizazio soziala, aliantzak, elkarlana eta kalean agertzen dugun indarra. Horretarako prestatzea badago gure esku».

ELAk gogoan izango ditu Euskal Herrian eta mundu guztian koronabirusak jota hil direnak. «Jakin badakigu historian zehar Maiatzaren Lehenaren ikur izan dela elkartasuna, berdintasuna eta borrokatzeko konpromisoa, horrek adierazten baitu milioika pertsona klase bati, langile klaseari, atxikitzen zaizkiola eta haren parte direla. ELAk nabarmendu nahi du zer-nolako injustizia humanitarioa den milaka pertsonaren heriotza, behar bezalako osasun arreta izan ez dutelako eta segurtasun neurririk hartu ez delako».

LABek bezala, ELAk ere gehiengo sindikalak prestaturiko kartelak zintzilikatzeko eskatuko du. «M1 koloretsu bat margotuko dugu, baina, hortik harago, salaketa eta aldarrikapenak plazaratzeko garai aproposa da. Hori bai, beti bezala».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.