Arbitratze Batzordeak atzera bota du Bizkaiko Aldundiak horren aurka jarri zuen helegitea. Atzo hartu zuen erabakia, eta gaur eman du ezagutzera. Carlos Agirre Ekonomia sailburuak aste honetan iragarri zuen helegitea atzera bota bezain pronto eramango zutela legea Legebiltzarrera. Bizkaiko Aldundiak ohar baten bidez esan du onartzen duela Arbitratze Batzordearen erabakia, baina esan du lurralde historikoen erabakitzeko gaitasuna murrizten duela.
Aldundiak helegitea jarri zuenetik, geldirik dago legea. Aldundiak argudiatu zuen bere eskuduntzak urratzen dituela legeak, Gernikako Estatutuaren 37. artikulua ukituta. Artikulu horretan Kutxen Legeak dio administrazio kontseiluko lurralde historikoen ordezkariak Batzar Nagusietan erabakiko direla. Aldundiak zioen Batzar Nagusiek erabaki behar dutela non hartu behar den erabaki hori.
"Errealitate insitituzional eta sozialaren isla"
Arbitratze Batzordeak Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien kontrako botoarekin hartu zuen erabakia —Gipuzkoak delegatu egin zuen—. Jose Antonio Pastor PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea pozik agertu da erabakiarekin, eta EAJren "jarrera oztopatzailea" salatu du. Alderdiak Kutxen Legearen auzian erantzukizunez jokatzera deitu ditu, eta Kutxabanken Administrazio Kontseiluak errealitate instituzional eta soziala islatu beharko lukeela gaineratu du.