Arcachongo akordioa luzatu dute Espainiak eta Frantziak

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek oso haserre hartu dute erabakia

Erredakzioa
2005eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleen atsekaberako, beste urtebetez indarrean izango da Arcachongo akordioa. Antxoaren arrantzaldia hastera doala, Bizkaiko Golkoan harrapaketakbanatzen eta arrantzarako garaiak zehazten dituen ituna «automatikoki» luzatu dutela jakinarazi zuten atzo Espainiako eta Frantziako gobernuek.

Erabakia «oso haserre» jaso zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. «Gaiztakeriaz eta gauez berritu du akordioa, sektorearen iritzia kontuan hartu gabe», salatu zuen atzo Jaime Tejedor Gipuzkoako Kofradietako presidenteak. Tejedorrek gogoratu zuenez, duela aste batzuk akordioa berriro negoziatzeko konpromisoa hartu zuen Madrilek. Asteartean, berriz, itunari eutsi nahi ziola azaldu zien arrantzaleei Fernando Curcio Espainiako Arrantza Baliabideetako zuzendariak, nahiz eta onartu zuen euskal arrantzaleei kalte egiten diela. Arrantzaldia datorren asteazken edo ostegunean hasiko dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. Tejedorren arabera, baliteke gatazkak izatea, eta ohartu zuen: «Ardura Espainiako administrazioarena izango da».Arcachonen bitartez, Espainiak 9.000 tona antxoa harrapatzeko eskubidea ematen die Lapurdiko eta Frantziako arrantzaleei. Trukean, Frantziako arrastontzi pelagikoek geldialdi biologikoa egin behar dute martxotik maiatzaren amaieraraino. Halakorik egiten ez dutelako kexu da Tejedor.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.