BBK Bilbao Bizkaia Kutxak salgai jarriko du Sestaoko ACB altzairutegian duen %10eko partaidetza, lantegiaren kudeaketarekin ados ez dagoelako. Fabrika- ren akziodun nagusiak, ArcelorMittalek, «harrituta» hartu du BBKren iragarpena. Eusko Jaurlaritzak akzioen %10 ditu, Socade sozietate publikoaren bidez.
BBKren eta ArcelorMittalen arteko desadostasunak aspaldiko kontua dira, eta zerikusia dute enpresaren kudeaketarekin. Izan ere, 2004 eta 2005ean galerak izan zituen Sestaoko lantegiak, nahiz eta urte horietan metalgintza eta Arcelor bera garai onean zegoen. 2005ean, esaterako, 33 milioi euro galdu zituen. BBK-k uko egin zion kontuak izenpetzeari.
BBK-k eta Socadek galera horiek eragitea aurpegiratu zien Arcelor akziodun nagusiari, altzairutegitik irteten diren bobinei prezio txikiegiak jartzeagatik. Akziodun txikien arabera, gainera, Arcelorrek ACB geratzen edo moteltzen zuen talde osoaren ekoizpena murriztu behar zuenean, oso lantegi malgua delako.
2006an, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berak esku hartu ondoren, akordioa egin zuten ACBko akziodunek. BBKren arabera, Arcelorrek hitz eman zuen ACBri egitura komertzial independentea emango ziola taldearen barruan, eta bideragarritasuna ziurtatuko ziola, balio handiko produktuekin.
Akordio horrek aukera eman zion BBKri bere akzioak 2009ko urtarrilaren 1etik apirilaren 15era bitartean salgai jartzeko, eta hala egitea erabaki du orain. Kontuekin, kudeaketarekin eta galerekin «ados» ez dagoela argudiatu du.
Labe Garaien oinordekoa
Sestaoko altzairutegia esanahi handiko lantegia da Bizkaian, Labe Garai historikoen oinordekoa delako. Orain ACB dagoen lekuan izan ziren ia mende batez Bizkaiko Labe Garaietako tximinia erraldoiak. Fabrika hori Bizkaiko eta Euskal Herri osoko handiena izan zen, eta industrializazioaren ikurra bilakatu zen. Baina 1980ko hamarkadako krisiak oso gogor jo zuen altzairutegia; urtez urte langileak kaleratzen aritu ondoren, 1996ko uztailean itxi egin zuten. Eraikin zaharrak bota eta ACB altzairutegi modernoa sortu zuten, askoz langile gutxiagorekin -316 hasieran-. Aceralia taldearen esku geratu zen, Hego Euskal Herriko eta Espainiako beste altzairutegi publikoak bezalaxe. Gero enpresa horrek Arcelor sortu zuen Frantziako Usinor eta Luxenburgoko Arbedekin batera, eta Arcelor eratu zen. Multinazional hori Mittal Steel indiarrak erosi zuen 2006an, eta munduko altzairugile handiena da, alde handiz.
ArcelorMittalekin haserre, ACB altzairutegiko bere akzioak salduko ditu BBK-k
Kutxaren arabera, multinazionalak ez du Sestaoko altzairutegiaren kudeaketa ona egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu