ArcelorMittaleko zuzendaritzak tinko eutsi dio Zumarragako planta ixteko planari, eta langile batzordeari kontsulta epeak jasotzen dituen bilerak bukatu zaizkio jada. Gaur izango da azken bilera aldeen artean, epe hori luzatzea adosten ez badute. Eta hori gertatu daiteke, langileek plantaren itxiera ekidinezina dela onartu baitute, eta helburuak itxiera horren ondorioetan kokatu baitituzte jadanik.
Zuzendaritzak 25 bat langileri aurre-erretiroa hartzeko aukera eman die, eta beste 267 behargini Astuariasko lantegietan lanpostua eskaini die. Zenbaki horiek aldatu nahi ditu batzordeak. Hasteko erretiro gehiago egotea nahi du, kopuru nabarmen handituz. Batetik 53 urteko adinatik 52ra jaitsi beharko luke muga enpresak eta, bestetik, Arcerlor Olabarriara eta Bergarara zabaldu beharko luke jubilazio aurreratu hori hartzeko aukera. Lantegi bi horietako behargin multzo batek aukera hori probestuko balu, Zumarragatik Olaberriara eta Bergarara leku aldatuko lirateke akaso zenbait langile, Asturiasera joan beharrik gabe. Eusko Jaurlaritzak ere badu zeresana arlo honetan, Lakuak lagunduko bailuke erretiro horiek ordaintzeko poltsa. Hala esan zien Arantza Tapia Garapen konomikoko sailburuak langileei, batzordeak esan duenez.
Negoziazioan sartzeak ez du esan nahi langileek mobilizazioak utziko dituztela. Momentuz, langile batzordeak uko egin dio epaitegien bideari ekitea, baina negoziazioak hartzen duen norabidearen arabera, ezin da baztertu aukera hori ere. Dena den, bide judizialak ere ez du bermatzen Zumarragako Arcelor itxiko ez dela, ezta hurrik eman ere. Beraz, beharginak Espainiako lantegitara leku aldatuko dituztela nahiko argi ikus daiteke jadanik, zenbat izango diren jakitea falta da, baita onartzen dutenek jasoko dituzten pizgarriak nolakoak izango diren ere.