Espainiako Lan Ikuskaritzak ontzat hartu du ArcelorMittalek aurkeztutako lana erregulazio dosierra. 12.000 langileri eragingo die, horietako asko Euskal Herrian.
ArcelorMittalek hamasei lantoki ditu Euskal Herrian, fabrikak, banaketa zentroak eta zerbitzu zentroak kontuan hartuta. Gutxi gorabehera 4.600 langilek egiten dute lan horietan, baina horietatik dosierrak zenbati eragingo dien ez dago garbi. Izan ere, ArcelorMittalek CCOO, UGT eta sindikatu txiki batzuekin akordioa egin du; beraz, dosierra malgua izango dela eta lantegi bakoitzak zenbat langileri ezarri erabakiko duela adierazi dute.
Beste sindikatuen antzera, LAB eta ELA dosierraren aurka azaldu ziren, baina besteek ez bezala, ez zuten zuzendaritzarekin negoziatu. Sindikatu abertzaleek gogorarazi zuten iaz 9.400 milioi euro irabazi zituela munduko altzairugile nagusiak. Urtarriletik martxora 816 milioi euro galdu zituen, eskariaren jaitsieragatik.
Espedientea, printzipioz, abenduaren 31 artekoa da, baina badago beste sei hilabetez luzatzeko aukera, sindikatuekin negoziatuta. Aldi baterako lanik egiten ez duten langileek soldata gordinaren %90 jasoko dute. Hasiera batean soldataren %65 eskaini zuen enpresak.
ArcelorMittalek ekoizpena murriztu egin zuen 2008ko urtearen amaieran, haren altzairuaren bezero nagusiak -eraikuntza eta autogintza- seko geratu zirenean. Langile finkorik kaleratuko ez zuela agindu zuen.
Aurtengo bigarren hiruhilekoan ekoizpena erdira gutxitu du, eta Europan dituen 25 fabriketatik 14 erabat edo partzialki ixteko asmoa iragarri zuen apirilean. Neurria «aldi baterakoa» izango dela zehaztu zuen ArcelorMittalek, eta eskaria handitu ahala irekiko zituela. Euskal Herrian lau fabrikari eragin die: Etxebarriko laminazio lerroa ixtekoa da hilabete honetan -beste bi geratuta izan dira urtarriletik ekainera arte-; Sestaoko ACBk lerro bakarrarekin funtzionatuko du; Bergarakoa erabat geratuko dute ekoizpena Zumarragan bildu;eta Galdakaoko Industrias Zarraitxita egongo da.
Arcelorren 12.000 langileren lana erregulatzea onartu du Madrilek
Fabrika bakoitzak erabakiko du dosierrak zenbat langileri eragingo dien, ekoizpen beharren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu