ALTZAIRUGINTZA

Arcelorren eta langileen lehen bilera "formalismo hutsa" izan da

Donostiako Precon elkartu dira aldeak, baina bakoitzak bereari eutsi dio: enpresak itxiera partzialari, eta langileek enpleguari. Zuzendaritzak ez du txosten teknikorik aurkeztu, eta eguenean bilduko dira berriro, Zumarragan.

Dozenaka lagun bildu dira Donostiako Precon, Zumarragako langileei sostengua agertzera. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2016ko apirilaren 4a
08:08
Entzun

Gaur zen martxan jartzekoa arauzko ordularia Zumarragako langileentzat, baina ez da hala izan. Zuzendaritzarekin bilera lekua adosteko ezintasunak negoziazioen hasiera astebete atzeratu badu ere, azkenean gaur elkartu dira aldeak. Txalo artean eta "animo" deiek lagunduta sartu dira langileak bilerara, Je suis #Arcelor Mittal eta Aita, van a cerrar? gisako kartelen altzoan. Bakoitzak, baina, bereari eutsi dio, espero bezala: enpresak lantegiaren itxiera partzialari, eta langileek enpleguari.

Donostiako Precon egin dute bilera, Arcelor Mittaleko zuzendaritzak nahi zuen moduan, baina horrek ez du esan nahi batzordeak Zumarragako lantokian biltzeko egiten ari den erreibindikazioari uko egin diola. Datozen bilerak Indiako multinazionalak mugarik gabe eten nahi duen lantoki historikoan egin nahi dituzte langileek, nolabait hura bere-berea sentitzen dutelako. Hala esan zuen larunbatean Leo Bote langile batzordeko presidenteak, eta hala berretsi du gaur. Eguenean egingo dute hurrengo bilera: Zumarragako plantan. Orduan jarriko da martxan bi asteko kontsulta epea.

Txosten teknikorik ez

Zuzendaritzak altzairutegiko 325 langileentzat duen plana ezagutaraztea espero zuen batzordeak, zenbat leku aldatu nahi dituen, nora eta zenbat erretiro edo bestelako irteera proposatzen dituen jakiteko. Edonola ere, ez da hala izan: Arcelor Mittalek ez du txosten teknikorik aurkeztu. Hala jakinarazi diete komiteko ordezkariek langileei, bilera amaitu berritan: "Ez dute informaziorik eman. Formalismo hutsa izan da". Multinazionalak eguenean egingo du publiko txostena.

Negoziazio gogor baten abiapuntua izango da etzidamukoa, alegia, erakundeek gertutik aztertuko duten prozesua. Ardura, ordea, multinazionalarena da, eta hari erreparatzen ari zaio langile batzordea azken egunetan, Eusko Jaurlaritzak aurreko egunetan ezagutarazitako planak bigarren mailan utzi nahian. Horrek ez du esan nahi, ordea, langileek erakundeen parte hartzeari muzin egiten diotenik. Ez alferrik, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batzartu zen ostiralean batzordea. Txinaren dumping-aren, argindarraren kostu handiaren eta bestelako traben gainetik jarduerak aurrera jarraitu behar duela esan zion Olanori Leo Bote batzordeko buruak. Aurretik Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikoko diputatuak kaleko atean hartu zituen batzordeko kideak. Kanpoaldean protesta deigarria zegoen: beharginen seme-alaba adingabeak pankarta baten atzean jarri ziren, Altzairurik gabe ez dago gerorik leloarekin. Lurrean beharginen arropak eta kaskoak zeuden.

Lehentasuna: familiak

Leo Bote bozeramaileak esan zuen ahaldun nagusia prest dagoela Jaurlaritzarekin batera "ArcelorMittalek hartutako erabakiaren aurka aritzeko, hura aldatu arte". "Langileak eta familiak dira lehentasuna foru aldundiarentzat", esan zuen Olanok berak. Oraingoz, langileek zuzendaritzari euren arrazoiak mahairatzeko aukera izango dute gaur. Batzarrean erabaki zuten atzo Donostiako hitzordura joatea, eta hura gertatzen den bitartean elkarretaratzea egitea Precoren aurrean. Halaber, 24 orduko greba berriro egingo dute apirilaren 12an.

Horrez gain, datorren ostiralean Bilbora joango dira, Iberdrolako akziodunen batzarrarekin batera protesta egitera, Sestaoko ACBko lankideekin batera. Hura ere mugarik gabe ixtea erabaki du Arcelorrek. Ostiraleko elkarretaratzean Mikel Serrano Zumarragako alkatea ere bildu zitzaien. "Olano, esnatu, langabezia atean duzu", oihukatu zuten Gipuzkoa plazan bildutakoek. "Animoak ematera" joan zen alkate sozialista.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.