ENERGIA

Argindar enkantea baliogabetu du Espainiako Gobernuak

Ez du zehaztu zer gertatuko den prezioarekin urtarrilaren 1ean. Sistema berria agindu du argindarraren salneurri arautua kalkulatzeko.

Atzoko igoera ez dute ontzat jo. GORKA RUBIO, ARP
Berria.info
2013ko abenduaren 20a
15:41
Entzun

Argindarra ez da %11,5 igoko datorren urtarrilaren 1ean Hego Euskal Herrian. Zer egingo duen ez dago garbi. Espainiako Gobernuak bertan behera utzi du atzoko enkantea, berak eskatuta Lehia Batzordeak onartu ondoren ez zela enkante garbia izan. Lehia Batzordearen arabera, "egoera atipikoak izan dira, aurreko asteetan merkatuan izan diren prezio altuen testuinguruan". 

Soraya Saenz de Santamaria lehendakariordeak azaldu duenez, enkantea baliogabetuta prezioak nola erabaki behar diren ez dute azaltzen gaur egungo arauek. Horregatik, bere gobernua "irizpide objektibo eta gardenen araberako prozedura" prestatzen ari da tarifa arautua erabakitzeko.

Gobernuaren bileraren aurretik, Jose Manuel Soria Industria ministroak iragarri du aztertzen ari direla enkante sisteman "gutxienez aldaketa batzuk" egitea, eta azaldu du ez dutela baztertzen guztiz aldatzea ere. "Behin gertatu bada, nork esaten du ezin dela berriro gertatu?".  Prezioak manipulatu diren susmoa du Industria ministerioak. "Nork? Ez dakigu, baina zerbait arraroa gertatu da, Lehia Batzordearen txostenak ere hori dio". Adierazi du alde oso handia egon zela atzoko prezioen eta bezperakoen artean, %7 ingurukoa. Aurreko enkanteetan, %2ra ez zen iristen diferentzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.