Argindar konpainiak, ikatzaren dekretuaren kontra

Endesak, Iberdrolak eta Gas Natural Fenosak Bruselaren erabakiaren kontrako helegitea jarri dute EBko auzitegian

Erredakzioa
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako ikatza atzerritik inportatutakoa baino garestiagoa eta zikinagoa izanagatik, hura erabiltzen duten argindar konpainiei diru laguntzak ematen jarraitzea onartu zuen Europako Batzordeak iragan hilaren 29an. Horrenbestez, 2014ko abenduaren 31ra arte, enpresa horiei Espainiako Gobernuak ordaindu beharko dizkie ikatz espainiarra erabiltzeak eragiten dizkien galerak. Baina, Endesa, Iberdrola eta Gas Natural Fenosa ez daude ados Bruselaren erabakiarekin. Atzo, haren kontrako helegitea aurkeztu zuten Europako Batasuneko auzitegiaren aurrean, Luxenburgon. Ez da erabakiaren kontra egin duten lehen urratsa, urriaren 1ean beste helegite bat jarri baitzuten Espainiako Auzitegi Gorenean.

Espainiako Ikatzaren Errege Dekretua indargabetzea da hiru argindar enpresen estrategiaren helburua. Haien ustetan, Europako Batasunean salgaiak libreki zirkulatzearen kontra doa dekretu hori, eta argindarraren barne markatuaren arauak ere ez ditu betetzen. Horrez gain, gisa horretako baimenak emateko bete beharreko prozedura ez errespetatzea leporatu diote Bruselari, auzian inplikatutako alde guztien iritziak jaso ez dituela arrazoituta.

Horiek horrela, badaezpadako neurriak hartzeko eskatu diote EBko auzitegiari; auzia ebatzi artean Bruselaren erabakia baliogabetzeko, hain zuzen. Hiru argindar konpainiei beharrezkoa iruditzen zaie kontua lehenbailehen argitzea, eta prozedura lasterra deritzona abiatzeko eskatu dute; epaitegiak gehienez bederatzi hilabeteko epean eman beharko luke epaia.

Iberdrolaren arabera, Bruselak hornidura arazoak argudiatuta onartu du laguntza horiek luzatzea. «Baina, egun Espainian ez dago gisa horretarako arazorik, eta ezerk ez du pentsarazten etorkizunean egongo direnik». Gainera, Bruselak baimendutako laguntzak «muga material eta denbora mugari dagokionean» ikatzaren sektoreko araudiaren kontra doazela dio Ignacio Sanchez Galanek zuzentzen duen konpainiak.

Bruselaren erantzuna

Argindarraren sektoreko enpresen ustetan, Espainiako Ikatzaren Errege Dekretuak kalte egingo die inportatutako ikatza eta gasa kontsumitzen duten -ziklo konbinatukoak- zentral elektrikoei, merkatutik kanpo utziko lituzkeelako. Espainiako Auzitegi Gorenean eta Luxenburgoko Auzitegian dekretuaren kontrako helegiteak jarriko dituela adierazi du Galiziako Xuntak ere.

Auzia zer prozedura erabilita argituko duen hamabost egunen buruan argituko duela azaldu du Europako Batasuneko Auzitegiak. Presazko bidea hartzeko elementuak ikusten baditu hala egingo duela esan du. Hala izatera, auzia urtarrilean argituko litzateke; bestela, datorren udan. Badaezpadako neurriak ezartzea aginduko duen ala ez, berriz, hilabeteko epean erabakiko duela adierazi du.

Europako Batzordeak ere erantzun die argindar enpresek egindako akusazioei. Haren esanetan, onartutako laguntzak zuzenak eta legezkoak dira eta ez dute EBko araudia hausten. Araua argitaratzean, hura arrazoiekin defendatuko duela aurreratu du, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.