Beste hiru hilabetez argindarraren prezioa dagoen dagoenean uztea erabaki du Espainiako Gobernuak. Erabakiak ustekabean harrapatu ditu erabiltzaileak eta argindar enpresak, hurrengo hiru hilabeteetarako energia kostuak finkatzeko azken enkantean %9 eta %12 arteko igoerak izan zituelako prezioak. Enkante horren emaitzak fakturaren erdia erabakitzen duela kontuan izanik, urriaren 1ean argindarra %6 inguru garestitzea espero zuten denek, Miguel Sebastian Industria ministroak aurretik jakinarazi baitzuen fakturaren beste erdia, sarbideko tarifei dagokiena, «izoztu» egingo zutela. Atzo, ordea, mantendu ez ezik, sarbideko tarifa %12 jaistea erabaki zuen Sebastianen taldeak, enkantean izandako igoerak konpentsatzeko.
Erabaki horrek tarifa arautua duten herritarrei bakarrik eragiten die, oraindik merkatu librera igaro ez direnei, hamarretik zortzi ingururi. Agidanez, haien erabiltzaileek pozik hartu dute berria; energia konpainiek, aldiz, ez horrenbeste, kontsumitzaileek sarbideko tarifan ordainduko ez duten zati hori jaso gabe geldituko direlako eta tarifek eragindako defizita are gehiago handituko delako.
Argindarra sortzen eta merkaturatzen duten konpainien esanetan, urteetan kostuak estaltzera iristen ez zen sarbideko tarifa ezarri izan dute gobernuek, eta zorra sekulako zama bihurtu da kontsumitzaile eta enpresentzat. Espainiako Energia Batzordeak herenegun kaleratutako datuen arabera, egun, argindar erabiltzaileek 22.392 milioi euro zor dizkie energia enpresei. Teorian, egungo sarbideko tarifak oso-osorik estali beharko lituzke argindar sistemaren kostuak, urtez urte defizita txikitzeko eta 2013rako diru guztia bueltatzeko konpomisoa hartu baitzuen Espainiako Gobernuak. Atzokoaren moduko erabakiekin, ordea, sarbideko tarifarekin bakarrik ezinezko egiten da sistemaren kostuak estaltzea ere, eta fakturek eragindako zuloak handitzen jarraituko du.
Auzitara jotzeko prest
OCU Espainiako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteko presidenteak, Antonio Joyak, normaltzat eta logikotzat jo du Industria Ministerioak hartutako erabakia, «nahiz eta orain igo ez duena hemendik hilabete batzuetara igoko duen». Gobernu sozialistak egin ez duen garestitzea hurrengo gobernuak egin beharko duela ziurtatu du Joyak. Asego Espainiako kontsumitzaileen elkarteari, berriz, «partxe bat» besterik ez zaio iruditu argindarra ez garestitzeko erabakia, eta arazoaren muina hiru hilean behin egiten diren enkanteetan dagoela adierazi du. «Enkantez enkante argindarraren prezioa igotzen ari da, funtsean, sistema horrek berak dituen opakotasunengatik». Asgecoren arabera, enkante horietan enpresa merkaturatzaileen izenean parte hartzen duten asko eta asko finantza sektoreko agenteak baizik ez dira, «jarrera espekulatzaile eta iluna duten agenteak». Horiek hala, hiru hilean behin egiten diren enkante horien funtzionamendua berrikusi eta aztertzeko eskatu du elkarteak.
Logikoa denez, argindar enpresek kritikatu dute gogorren Industria Ministerioaren erabakia. Eduardo Montes Unesa patronaleko presidentearentzat «zentzugabea» da erabakia, tarifek eragindako defizita handitu egingo duelako eta, goizago ala beranduago, zorra kitatu egin beharko delako. «Kontsumitzaileek jakin behar dute orain ez badute ordaintzen gero ordaindu beharko dutela». Montesek gobernuari ohartarazi dio aurten defizitari jarritako3.000 milioi euroko muga gainditzen badu enpresek neurriak hartuko dituztela. «Akordioak dioena ez errespetatzea legea haustea litzateke. Horrenbestez, epaitegietan erantzun beharko du».
Argindarra ez da garestituko, baina tarifek eragindako defizitak igotzen segituko du
Enkantean argiaren prezioak izandako igoera konpentsatzeko, sarbideko tarifa %12 jaitsiko du Madrilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu