Espainian dagoen argindarraren tarifaren defizitaren auzian sartu dira epaileak, eta ondorio ezezagunak izango ditu erabakiak. Auzitegi Gorenak ebatzi du sektoreko enpresa handiak direla difizita euren gain hartu behar dutenak, zuloa haien kontua dela oraingoz alegia, sektorea eurek ordezkatzen dutelako "ia osotasunean". Gorenak dio Iberdrola, Endesa, Gas Natural, EON eta HC direla sektoreko "protagonista nagusiak", eta haiek finantziatu behar dutela euren kontura tarifaren defizita.
Espainiako Auzitegi Nazionalak ildo berean eman zuen bere iritzia aurreko hilean, eta Gas Naturalek zein Endesak helegitea jarri zuten. Gorenak berretsi egin du Madrilgo epaitegiak esandakoa gaur jakinarazitako bi ebazpenetan. Botere legegileak bost enpresa handi horiengana jotzea defizita finantziatzeko normaltzat jotzen du. Defizita sortu da argindarraren sistemaren sarrerak kostuak baino txikiagoak direlako teorian. Horrek 26.000 milioi euroko zuloa eragin du.
Auzitegi Gorenak azaltzen du bere garaian CTC Lehiaren trantsisiorako kostuen konpentsazioak jaso zituzten arrazoi beragatik egin behar diotela aurre orain bost enpresa handi horiek, "sektoreko protagonista nagusiak direlako". Konpainiei esaten die "exigitzen zaien ekarpena diru kopuru jakin batzuk aurreratzea dela" sistemaren hainbat desfase finantziatzeko. "Helburu hori betetzeko laguntzen duten heinean, euren alde ari dira".
Berdintasurenarako konpanien eskubidea ez du urratzen finantziazio horren banaketak, epaileen iritziz. "Defizita finantziatzeko derrigortasunak, zilegi den helburua bete nahi du, orekatua da eta funtzionala, eta ez du tratu desberdintasun neurrigabea eragiten".
Halaber, Espainiako Auzitegi Gorenak prozesuaren kostuak ordaintzera kondenatu ditu Endesa eta Gas Natural, eta baztertu egin du 2012ko hasieran enpresa biek tarifaren defizita estaltzeko eman zituzten diru kopuru batzuk itzuli beharra, 336 milioi euro Endesari eta 81,2 Gas Naturali. Ez dago helegite gehiago jartzea ebazpenen aurka.