Espainiako Industria Ministerioak bere tarifa eredu berria bidaliko dio gaur CNMC Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari. Haren arabera, hurrengo urteotan argindarraren prezioa jaitsi egingo dela ziurtatu du gobernuak, %3 batez beste. Jaitsieraren arrazoi nagusia da desagertu egingo direla orain arte argindarraren prezioa erabakitzeko egiten ziren enkanteak, baita horietan finkatzen ziren prezioen balizko gorabeheretatik babesteko konpainia elektrikoek jasotzen zituzten finantza-bermeak.
Sistema berriarekin kontsumitzaileek argindarraren egunero daukan prezioa ordainduko dute. Are gehiago, kontagailu berria dutenek argindarrak ordu bakoitzean duen prezioa ordainduko dute; kontagailu zaharra dutenek, berriz, argindarraren eguneko batez besteko prezioa. Horrek gorabehera handiak eragingo dituela onartu dute Industria Ministerioko iturriek, kostua oso desberdina baita energia berriztagarriak asko ekoizten dutenetan (egun haizetsuetan) edo ekoizpena batez ere ziklo konbinatuko edo ikatzezko zentralek egiten dutenean.
Horregatik, beste aukera bat emango zaie herritarrei: urte osorako tarifa finko bat ordaintzea. Hori bai, tarifa hori garestiagoa izango dela onartu du.
Tarifa berriak apirilean izango dira indarrean eta maiatzean ordainduko diren erreziboan antzemango dira.