ekonomia

Argindarraren prezioa %3,2 igoko da

Espainiako Gobernuak tarifaren defizita "behin betiko" amaitzeko erreforma onartu du.

Iker Aranburu.
2013ko uztailaren 12a
15:28
Entzun

Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak azaldu zuenez, 2003 eta 2011 artean %63 igo da argindarraren prezioa herritarrentzat. Batez beste, urtean 363 euro ordaindu beharrean 588,5 ordaintzen dituzte orain. Orain, beste %3,2 garestituko da argindarra, kostu finkoak (fakturaren erdia) %6,5 igoko direlako. Horren bidez 900 milioi lortzea espero du Espainiako Gobernuak. Kostu guztiak herritarrek eta enpresek hartu behar izango balituzte igoera %40koa izango litzatekeela ziurtatu du Soriak.

Beste 2.700 milioi euro jarriko dituzte enpresek, banaketaren kostu aitortuak txikituko dizkietelako eta berriztagarriek sari txikiagoak jasoko dituztelako. Aurrekontuetatik beste 900 milioi euro jarriko dituzte. Horrekin 4.500 milioi aurreztu nahi dituzte, eta azken urte eta erdian aurreztutako beste 6.000 milioi eurora batuko zaizkie.

Izen berria jarri diote herritar gehienek darabilten TUR tarifari. Baina bezero gehienentzat ez du aldaketa handirik ekarriko, eztabaiden ondoren Madrilek erabaki duelako ez gehiago mugatzea tarifa hori erabil dezaketenak. Bonu sozialari ere eutsiko dio Espainiako Gobernuak.

Ziklo konbinatuko zentralen hibernazioa baimenduko du Espainiako Gobernuak. Hau da, aldi baterako itxi ahal izango dituzte, orain oso gaitasun txikiarekin ari direlako ekoizten, berriztagarriek lehentasuna daukatelako.

Energia berriztagarrien aldeko laguntzak emango ditu aurrerantzean ere Espainiako Gobernuak, baina erregimen berria jarriko die. Ziklo konbinatuko zentralei ematen dien dirua ere gutxituko du, baina hamar urtez eman beharrean, hogei urtez egingo du.

Aurrerantzean sistema elektrikoak defizita sortzen badu automatikoki ordainsariak handituko direla erabaki du Espainiako Gobernuak. Hau da, herritarren fakturaren lehen zatia (kostu finkoak) igo egingo dela Madrilgo gobernuaren baimena behar izan gabe. Azken urteotan kostu finko horiekin jokatu dute gobernu guztiek: argindarra sortzearen prezioa igo denean berdintsu utzi dituzte faktura gehiegi ez garestitzeko, eta argindarra berez merkatu denean igo egin dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.