Gaurtik aurrera %6,62 jaitsiko da argindarraren prezioa tarifa arautua duten hego euskal herritarrentzat, hamar familiatik zortzirentzat. Espainiako Gobernuak berari dagokion zatia izoztu du, eta, beraz, soilik argindar ekoizleek eta merkaturatzaileek tarifa arautua finkatzeko egindako enkanteko prezioak hartu dira aintzat. Enkante horretan prezioak %15 jaitsi ziren.
Argindarraren prezioa kalkulatzeko, bi osagai hartzen dira kontuan tarifa arautuan: argindar sistemaren kostuei dagokiena bata eta argindarraren beraren kostuei dagokiena bestea. Sistemak eragiten dituen kostuak —garraioa, banaketa, berriztagarriei ematen zaizkien laguntzak...— gobernuak erabakitzen ditu.