Energia

Argindarraren prezioa manipulatzeagatik zigortuko dituzte Gas Natural eta Endesa

CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen arabera, gasaren merkatuan esku hartu zuten bi konpainiek, ziklo konbinatuko zentraletako argindar garestiagoa saldu ahal izateko.

Endesasen ziklo konbinatuko zentral bat. JAUME SELLART / EFE
Irune Lasa.
2017ko abenduaren 18a
18:49
Entzun

2016ko urritik aurtengo urtarrilera bitartean argindarraren prezioak igoera ikusgarria izan zuen Espainian. Egon bazeuden garestitze hori, neurri batean, esplikatzen zuten arrazoiak: hilabete horiek hotzak eta idorrak izan ziren, eta zentral hidroelektrikoen argindar ekoizpena mugatu zen. Era berean, zentral nuklearrak geldirik zituzten Frantzian, eta Espainiatik argindarra esportatu behar zuten. Eta, gainera, Aljeriatik ere gas gutxiago iristen ari zen Espainiara. Baina hori guztia ez zen nahikoa argindarrak aurreko urtearekiko erakusten zuen garestitzearen neurria azaltzeko. Ez, behintzat, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearentzat.

Hilabete horietan zer gertatu zen jakiteko, ikerketa zabaldu zuen CNMCk, eta gaur jakinarazi du zigor txostena zabalduko diela Gas Natural Fenosa Generacion eta Endesa Generacioni. Bi konpainiei "ezohiko edo neurri gabeko balioko eskaintzak egiteko xedearekin" gas merkatuan esku hartu izana eta horretarako ziklo konbinatuko bost zentralen ekoizpena eraldatu izana leporatzen die batzordeak.

Gas naturaleko ziklo konbinatuetatik datorren argindarra garestiagoa izaten da eolikoa, hidroelektrikoa edota eguzkitik datorrena baino. Argindarraren handizkako prezioa ezartzeko pool delakoan —non eskaria eskaintza merkeenarekin parekatzen joaten den beharrezkoa eskari guztia bete arte—, beste guztiak aurretik izaten ditu ziklo konbinatuko argindar garestiak. Baina, aipatutako eguraldi, esportazio eta besteengatik nahiko argi zegoen pool nagusirako agian ez baina hornikuntza ziurtatzeko poolean beharko zela gasetik sortutako argindarra, hots, zentralak lanean egon beharko zirela.

Baina, dirudienez, Gas Naturalek eta Endesak ez zuten bat egin logika horrekin. CNMCren arabera, berariaz, egun batzuetan ziklo konbinatuko zenbait zentral ez zituzten programatu, eta horrela, hornikuntza segurtatzeko xedez sistema elektrikoak haiek programatzeko eskatutakoan, aparteko ordain bat lortu zuten bi argindar ekoizleek. Bi konpainiek ukatu egin dituzte akusazioak.

Ez da CNMCk argindarraren handizkako eskaintzetn halakoak ikusten dituen lehen aldia. Batzordeak 2015ean zigortu zuen Iberdrola, eta 25 milioi euroko isuna ezarri zion, 2013. urtearen amaieran salneurriak manipulatu zituela «frogatutzat» jota. Aurtengo maiatzean Espainiako Ustelkeriaren kontrako fiskaltzak ere ikerketa zabaldu dio Iberdrolari gertakari berdinengatik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.