'Falciani zerrenda'

Arma, droga eta diamante trafikatzaileak eta Al-Qaedari lotutako erakundeak daude HSBCren bezeroen artean

2006tik 2007ra arteko informazioak dira Herve Falciani langile ohiak HSBCko Private Banketik ebatsitako dokumentuak; epe horietan, bankuak loturak izan zituen hainbat negozio ilunekin. ICIJ Nazioarteko Ikerketa Kazetaritzaren Kontsortzioaren arabera, munduko legez kanpoko negozio ugariren dirua zuritzeko operazioak egin ditu ustez bankuak.

HSBC bankuak Birminghamen duen egoitza, Ingalaterran. ANITA MARIC, EFE
joxerra senar
2015eko otsailaren 10a
07:43
Entzun

Adibidez, bezeroen artean Aziza Kulsun eta haren familia agertzen dira. Nazio Batuen 2001eko txosten baten arabera, Kulsunek Kongoko Errepublika Demokratikoan "funtsezko rola" jokatu zuen koltanaren (aparailu elektronikoetan erabili ohi den lehengai estrategikoa) legez kanpoko trafikoan. Informazioen arabera, Kulsunen senarrak 1,6 milioi dolar zituen garai hartan.

Beste bezero bat Katex Mines Guinee zen. Nazio Batuen Erakundearen 2003ko txosten baten arabera, Katex Mines Gineako Defentsa Ministerioaren kontrolpeko enpresa bat zen 2003an Liberiako errebeldeei armak saltzeko asmoz. Gatazka hartako aldeek adingabeak erabiltzen zituzten, eta ehunka hildako eta milaka zauritu eragin zituen. Hiru urte geroago, Katex Minesek 7,1 milioi euroko kontua zuen HSBCn.

Beste kasu batek Angolako armen salmentarekin du zerikusia. 2008an Frantziako fiskaltzak ikerketa abiatu zuen, eta 800 milioi dolarreko armen salerosketetan komisioak kobratzeagatik inplikatutako berrogei pertsona ikertu zituen. Tartean zegoen François Miterranden semea. HSBCko kontuetan pertsona horietako batek 1994tik 1999ra bitartean irekita eduki zuen kontu bati erreferentzia egiten zaio.

Beste kontu bat Taiwango arma salerosle Andrew Wang Chung-Puren seme batena da, Wang Chia Hsing. HSBCk "dekoratzaile" gisa deskribatzen du, eta 38 milioi dolarreko kontua zuen.

Diamante salerosleak

ICIJek aipatzen duenez, 2.000 bezero diamanteen industriari lotuta daude. Horien artean dago Emmanuel Shallop, eta diamanteen trafikoan eskuak odolez zikinduak izatea leporatzen zaio. Giza eskubideen arloko erakundeek salatu izan dute gerretan diren eremuetako diamanteen salerosketak balio izan duela gatazka horiek finantzatzeko. Besteak beste, Angolan, Boli Kostan eta Sierra Leonan. Belgikako justizia hura ikertzen ari da, eta HSBCk hala zioen Shallopen kontuari buruz: "Dubain egoitza duen kontu bat ireki diogu. Bezeroa oso zuhurra da, Belgikako zerga agintaritzaren presiopean baitago. Bere jardueran diamantearen zerga iruzurra egin ote duen ikertzen ari dira".

Beste lotura bat Omega Diamonds enpresarekikoa da. Belgikako Gobernuarekin 195 milioi euroko gatazka du enpresa horrek. Kongoko eta Angolako diamanteen salmenten irabaziak Dubain zuritzea leporatzen dio Belgikak. Enpresako bi arduradunek, Ehud Arye Laniado eta Sylvain Goldbergek, kontuak dituzte HSBCn.

Al-Qaeda

2012ko AEBetako Senatuaren txosten batek aipatzen zuen Al-Qaeda diruz lagundu duten erakundeen zerrenda bat dagoela, Osama bin Ladenek berak eskuz idatzitakoa. Bin Ladenek urrezko katea deitu zion zerrenda horri. Zerrenda horretako erakundeen izenak 2013an atera ziren argitara, ICIJen arabera. Zerrenda horretako hiru izenek kontuak dituzte HSBCn. AEBetako Senatuaren arabera, HSBCk "jakinaren gainean egon behar zuen" bere bezeroen artean "arrisku handikoak" zeudela.

Mexikoko narkotrafikoa

ICIJen arabera, Mexikoko droga kartelekin lotura duten bezeroak egon daitezke. Txostenaren arabera, Mexikoko negozio adar guztia "bezero arriskutsu" moduan hartu beharko zukeen HSBCk, baina ez zuen egin. Falcianiren informazioan oinarrituta AEBetako Senatuak 2010ean egindako txosten baten arabera, narkotrafikatzaileak atxilotzea eragozteko finantza operazioak egin zituen HSBCk. Inbertitzailea nor den ezkutatzea ahalbidetzen duten sozietateen 1.670 kontu ireki zituen, eta 2.000 milioi dolar mugitu ziren kontu horietan. Gainera, Sinaloako kartelarentzat lan egiten zuten truke etxeei kontuak ireki zizkien. Ikerketak gerora jakin zuen Sinaloako kartela zegoela atzean.

Hasiera batean, Falciani AEBetan izan zuten, baina Europara joateko gomendatu zioten AEBetako ikerlariek, bere bizitza arriskuan egon zitekeelako. Mexikoko droga trafikatzaileen eta HSBCren arteko loturez honako hau esan zuen Falcianik. “HSBCren kasuan, arazo erreala da narkotrafikatzaile mexikarrek milaka milioi jasotzen zituztela inongo kontrolik gabe. Hori da egungo finantza mundua. Ulertu behar dugu gaur arazorik gabe kontrolari izkin egiten dion diru mugimendu ikaragarriak daudela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.