Egitura

Arrakasta, arrastaka

Abenduaren 15ean Irlandak atzean lagako du erreskatea, eta susperraldi zantzuak ditu ekonomiak. Halere, murrizketak egiten jarraitu du Dublinek, eta «garai zailak» iragarri ditu.

Jon Fernandez.
2013ko azaroaren 4a
13:47
Entzun

Arrakasta istorio bat nahitaezkoa da botikarik mingotsenaren erabilera justifikatzeko. Bruselak eta Berlinek Europan ezarritako austeritatearen errezeta gogorra justifikatu beharra daukate, eta aurkitu dute egiaztagiria: Irlanda garaipen kartel bihurtu du troikak. Datorren abenduaren 15ean Europako Batasunaren, Europako Banku Zentralaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren erreskate programatik ateratzen euroguneko lehen kidea bilakatuko da Dublin. Gainera, aurten arrakastaz bueltatu da merkatuetara, atzerriko inbertitzaileen konfiantza berreskuratu du, eta bigarren hiruhilekoan atzeralditik atera eta %0,5 hazi da barne produktu gordina (BPG). «Haizea alde daukagu gure subiranotasuna berreskuratzeko», harrotu da Michael Noonan Irlandako Finantza ministroa.

Baina EBko diskurtso ofizialak troikako austeritatearen musuak Dublin atzeraldiaren lozorrotik esnatu duela badio ere, Irlandarena ez da maitagarrien ipuin bat. Egia da langabezia tasa urtebetean %15,1etik %13,3ra jaitsi dela, Dublinen etxebizitzen prezioa %10 igo dela hamabi hilabetetan, nazioarteko teknologia eta komunikazio konpainia handienentzat inbertsio leku erakargarria izaten jarraitzen duela —sozietateen gaineko %12,5eko zerga apalagatik—, Standard&Poor’s eta Fitch rating agentziak zabor mailatik inbertsio mailara igo dituztela Irlandako bonoak eta aurtengo bigarren hiruhilekoan esportazioak %4,3 hazi direla. Baina egia da, baita ere, barne kontsumoak ahul jarraitzen duela —%0,7 hazi da —, hirietan ez bezala landa eremuetan ez dela susperraldirik nabari, kide guztiak langabezian dituzten familia kopurua %15etik %22ra igaro dela  2007tik 2010era —horixe da azken datua— eta Irlandakoa bezalako ekonomia globalizatuak arrisku handiak dituela nazioarteko merkatuen gora beherekiko menpekotasun handiegia duelako. Goizegi da tigre zelta berriaren larrua saltzen hasteko. 

1990eko hamarkadan jaso zuen uharteko ekonomiak tigre zelta goitizena, garai hartan izugarri hazten ari ziren tigre asiarrekin parekatuz. 1991tik 2003ra bitartean, Irlandako ekonomiak, urteko, batez beste, %6,8ko erritmoan egin zuen gora. Burbuila, besteak beste, eraikuntza sektoreak puztu zuen. 2007an eraikuntzak
BPGaren %25 hartzen zuen; sei urte geroago, etxegintza sektoreak BPGaren %6 baino ez du hartzen. 2008ko krisiak bete-betean pitzatu zuen airezko tigre zelta, ia erabat hustu arte. 

Murrizketak

Uharteko banku sistema kolapsatu egin zen, eta 2010ean iritsi zen troikaren erreskatea, 67.500 milioi eurokoa. Laguntzaren truke, jakina, austeritate zorrotza ezarri behar izan du Dublingo gobernuak. Krisia lehertu zenetik irlandarrek 28.000 milioi euroko murrizketak eta zerga igoerak jasan dituzte. Hain zuzen, orain bi aste Fine Gael eskuindarren eta laboristen koalizio gobernuak murrizketen zazpigarren aurrekontuak aurkeztu zituen 2014rako.

Dublinek nahiago izan du «berreskurapenaren aurrekontu» gisa aurkeztea, baina guraizeen aurrekontuak dira, beste behin. Gobernuak zerga berri batzuk sortu ditu eta osasunean zein ongizate sozialean egingo ditu murrizketak 2.500 milioi euro aurrezteko. Bruselarekin adostutako defizit muga betetzea du helburu Enda Kennyren gobernuak: 2014an defizita %4,8tik beherakoa izatea. Gastu publikoa txikituta, 1.650 milioi euro aurreztea espero du, eta zerga berriekin 850 milioi euro biltzea.

Lehen ministroak berak aitortu du datorren urteko aurrekontuak «gogorrak» direla, baina «bidezkoak» izango direla gaineratu du. Izan ere, troikak 3.100 milioiko murrizketa egiteko eskatu zion Dublini, eta azkenean gobernuak 2.500 milioira jaitsi du mozketa. Hala ere, osasunerako 180 edo 200 milioi euro gutxiago jarriko ditu estatuak. Kontuan izan behar da Irlandan diru sarrera oso urriak dituzten familiek dutela soilik ohiko sendagilearengan kontsultara doan joateko eskubidea; gainontzekoek 50 eta 70 euro artean ordaindu behar izaten dituzte kontsulta bakoitzeko. Bestalde, ongizate sozialaren arloan 140 eta 150 milioi euro arteko murrizketa egingo du gobernuak, eta horren ondorioz, esate baterako, nabarmen jaitsiko da 25 urtetik beherakoen langabezia saria.

Dagoeneko kalera atera dira protesta egitera hiriburuan, besteak beste, pentsiodunak eta haurdunak, haien orain arteko diru sarrerak nabarmen jaitsiko dituelako gobernuak. Gainera, krisia hasi zenetik pentsiodunek langile publikoek baino murrizketa gutxiago izan badituzte ere, ez da egia ez dutela erosmen ahalmena galdu, prezioen gorakada orokorrak haiei ere eragin baitie —energiaren prezioa, adibidez, %34 igo da 2008tik—. Astean 180 eta 230 euro artekoak dira, batez beste, Irlandako pentsioak, eta MABS finantza aholkularitzaren kalkuluen arabera, soilik gastu arruntak kontutan hartuta, bakarrik bizi den, osasun arazorik ez duen eta ordaindu beharreko hipotekarik ez duen pentsiodun bati 23 euro baino ez zaizkio sobratzen aste amaieran, 92 euro hilabetean. Bestetik, emakumeek amatasunagatik astean jasotzen duten 230 euroko laguntza astean 198 eurotara jaitsiko da datorren urtarriletik aurrera: hilabetean 128 euro gutxiago.

‘Silicon Docks’

Zergei dagokionean, estatuaren diru laguntzak jasotzen dituzten bankuei zerga berezi bat jartzeko asmoa du koalizio gobernuak urtean 150 milioi euro irabazteko. Baina bada, Europako kideek behin eta berriz errepikatu arren, bada Kennyk aldatu nahi ez duen zerga bat: sozietateen gaineko zerga. Izan ere, %12,5eko zerga apal horri esker —%22,8koa da EBko batez bestekoa— bereziki AEBetako multinazional handien paradisu fiskal bihurtu da Irlanda, eta bertan dituzte Europako egoitza nagusiak, adibidez, Applek, Facebookek, Yahook, Googlek, Twitterrek, eBayk edo LinkedInek.

Atzerriko multinazionalen jarduerak sekulako pisua du Irlandako esportazioetan, eta aldi berean, esportazioek sekulako pisua dute herrialdearen BPGan. Munduko Bankuaren arabera, irlako esportazioak BPGaren %108koak izan ziren iaz. Sektore hori indartsua izatea berebizikoa izan da Irlandako ekonomia atzeralditik ateratzeko. Gainontzeko herrialde erreskatatuetan, izan ere, esportazioek ez dute horrenbesteko pisurik: BPGaren %27koak dira esportazioak Grezian eta %30ekoak Italian.

Dublingo portua aldeak sekulako itxuraldaketa egin du azken urteetan, eta multinazional teknologikoek, hotel garestienek eta kafetegi eta jantokiek Silicon Docks izena hartu duen zonaldea sortu dute. Fenomenoak iman eta dei efektua sortu du: IDA atzerriko inbertitzaileentzako Irlandako estatu agentziak marka guztiak hautsi ditu azken bi urteetan, ia 300 multinazionalen proiektu jasota. Egoitzak eta bulegoak jartzeko toki bila dabiltza konpainia asko, lanpostu kualifikatuak eta ondo ordainduak sortzen dituzte, eta barne ekonomia berriz aktibatzeko ere lagun dezake. Dagoeneko nabari dira zantzu batzuk.

Herrialdeko hiriburuan etxebizitzen prezioak %10 hazi dira urtebetean, eta CBRE Irlandako higiezinen zerbitzu etxe nagusiaren arabera urtea amaitzerako %20raino igo daiteke merkataritzarako Dublingo orubearen prezioa. Hiriburuan ekonomiaren susperraldiaren zantzu argiak ageri dira dagoeneko, eta baita hegoaldeko Cork eta mendebaldeko Galway hirietan ere. Baina ez da gauza bera gertatzen ari herrialde osoan. Irlandako berreskurapena bi abiaduratan gertatzen ari da. Landa eremuan, eremurik zabalenean, hazi barik jarraitzen du ekonomiak.

Areago, landa eremuak husten ari dira, inoiz baino handiagoa delako emigrazioa. Irlanda emigratzaileen herria izan da historikoki, baina marka guztiak hausten ari da krisia lehertu zenetik. Sei minuturo joaten da atzerrira norbait: 2008az geroztik 397.500 lagunek alde egin dute batez ere Erresuma Batura, Australiara, Kanadara eta AEBetara. Kopuru handia da 4,5 milioi biztanleko errepublikarentzat. Gainera, langabezia tasa ere hiriguneetan baino handiagoa da landa eremuan: Dublinen %12koa da, eta Donegal  eskualdean %18,3koa.

Beste laguntza bat?

Hala eta guztiz ere, diskurtso baikorra du gobernuak. «Azkenean atzean lagako du erreskatearen aroa. Larrialdi ekonomikoa amaitzear dago», ausartu da Kenny lehen ministroa, baina oinak lurrean izateko ere eskatu du: «Oraindik bide luzea dugu egiteko. Garai zailak ditugu aurrean».

Arrazoi du gobernuburuak, asko baitira Irlandaren arriskuak. Moody’s rating agentziak, esaterako, oraindik zabortzat jotzen ditu irlako bonuak, zor publiko handia duelako —aurten BPGaren %123ra irits daiteke—, banku sistemak oso ahul jarraitzen duelako —baliteke EBren datorren urteko estres testen ondorioz kapital gehiagoren beharra agerian geratzea— eta euroguneko edozein gora-beherak kolpea eman diezaiokeelako. Gainera, ekonomiaren hazkundea txikia da, gobernuak BPGaren %0,2ko gorakada aurreikusten baitu 2013rako —2014rako %1,8ko hazkundea espero du—. Azkenik, atzerriko eta bereziki Erresuma Batuko eta AEBetako ekonomiaren martxarekiko menpekotasun handiegia du, herrialde horietan merkatuak okertuz gero eragin zuzena dute irlan. Euroaren eta dolarraren arteko balio tasak ere eragin zuzena du Irlandako ekonomiaren garapenean.

Arrisku horiek guztiak kontrolpean izate aldera, erreskate programatik atera arren, Dublinek laguntza gehigarri bat eskatzea nahi dute Bruselak eta Berlinek. Noonan Finantza ministroak esan du ez dela beharrezkoa, baina aitortu du oraindik itxi barik dutela zein izango den erreskate osteko estrategia: «Ezinezkoa da erabakirik hartzea Alemanian gobernua osatzen ez den bitartean». Eta bitartean, Angela Merkelekin gobernu koalizioa osatzekotan dabiltzan sozialdemokrata alemaniarrak esaten ari dira Irlandari sozietateen zerga igotzeko eskatuko diotela, Europako Batasuneko gainontzeko kideekiko konkurrentzia desleialtzat jotzen dutelako. Inork zalantzarik baldin bazeukan, Noonanek agerian laga du Irlandako arrakasta istorioa Berlinen ari direla idazten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.