Finantza merkatuek gose handiarekin jaso dute Greziaren itzulera. 20.000 milioi euro arteko eskaerak izan ditu Atenasek, eta horregatik erabaki du 3.000 milioi euro eskatzea, atzo aipatutako 2.500 milioi euroetatik gora.
Ordaindutako interesa ere uste baino apalagoa izan da: %5,25 inguruko interesa espero zuten analista gehienek, baina azkenean batez beste %4,95 ordainduko du Atenasek.
Iannis Sturnaras Greziako Finantza ministroak garaipentzat jo du zor salmenta, sakrifizio gogorren ondoren Grezia zulotik ateratzen ari den seinale. Berez, dirua biltzea baino, merkatuen erreakzioa neurtzea zen Greziako agintarien asmoa. Azken lau urteotan nazioarteko erakundeen maileguen menpe egon da. Epe laburreko zorra ere saldu du (hiru eta sei hilabete artekoa), baina gehiena Greziako bertako bankuek erosi dute, Europako Banku Zentralak emandako maileguei esker.