Gorabidean diren herrialdeen artean garrantzitsuenetakoa da India. 2001. urtean sartu zen Irizar autobusgilea merkatu hartan, Ashok Leyland eta TVSrekin osatutako joint venture baten bidez. Irizar TVS izeneko enpresa ireki zuen. Orain, presentzia hori handitzea erabaki du. Bazkide berekin lantegi berri bat ireki du Tamil Nadu estatuko Virilimalai herrian, India hegoaldean. Besteak beste, iT09 autobus modelo berria egingo du Irizarrek han. «Modelo horrek aurrerapen handia dakar aurretik Irizar TVSn egindako autobusen aldean», adierazi dute kooperatibako ordezkariak.
Estalitako 20.000 metro karratu ditu lantegi berriak, eta urtero 2.200 autobus ekoizteko gaitasuna du, hau da, gaur egun baino %15 handiagoa. Zortzi milioi euroko inbertsioa egin du Ormaiztegiko enpresak, eta lantegi berriarekin, Indiako merkatuan sendotzeaz gain, Asiako gainerako herrialdeetako esportazioak hobetu nahi ditu. Indian egingo diren autobusak eskola eta fabriketako garraio zerbitzua emateko nahiz hiru barruko ibilbidetarako erabiliko dira.
Nazioartearen garrantzia
Azken urteotan Euskal Herritik kanpo hainbat enpresa ireki ditu Irizarrek: Irizar Tianjin (Txina, 1995), Irizar Maghreb (Maroko, 1977), Irizar Brasil (1995), Irizar Mexico (1999) eta Irizar Southern Africa (Hegoafrika, 2004). 3.100 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan horietan. «Nazioarteratzea Irizarren eboluzio ikaragarriaren faktore gakoetako bat da», azaldu dute. Era berean, bost kontinenteetako 90 herrialdetan baino gehiagotan dauzka bezeroak.
Ashok Leyland eta TVS ere konpainia handiak dira. Lehenak 12.000 langile ditu eta autobusen sektoreko liderra da Indian. Kamioiak ere ekoizten ditu eta iaz 1.200 milioi euroko fakturazioa izan zuen. TVSk banaketa eta zerbitzu enpresa da, eta 30 lantegi eta 124 salmenta bulego ditu.25.000 pertsonak egiten dute lan horietan.
Asiako merkatuan sendotu nahian, lantegi berria ireki du Irizarrek Indian
Estalitako 20.000 metro koadro ditu, eta han egingo dute iT09 autobus modelo berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu