Sestaoko Navalen modura, Europako ontziola askok etorkizuna beltz dute. Iraganean industria moldaketa latzak izan arren, zergatik ez dira burua altxatzeko gai izan? Gaur egun, Japonia, Hego Korea, Europako Batasuna eta Txinaren esku dago munduko merkatuaren %90a baino gehiago. Europako Batzordearen azterketa baten arabera, eskaintzaren eta eskariaren arteko krisia jasaten ari da sektorea 90eko hamarkadaren bukaeraz geroztik. Motelaldi ekonomikoaren eraginpean, merkataritza ontziak egiteko eskaintzak %32 egin zuen behera 2000tik 2003ra bitartean. Haatik, txinatarrek eta korearrek hordagoa bota zioten merkatuari, eta ontzi gehiago egiten jarraitu zuten. Bruselaren arabera, produkzioak %20 gainditzen du eskaria.Egoerak itsasontzien prezioen beherakada eragin du. 2002aren bukaeran, adibidez, itsasontzien batez besteko prezioa 1989aren hasierako maila berean zen: 1995ean baino %40 gutxiago, eta 2000ren hasieran baino %18 inguru merkeago.
Erronkari erantzun ezinik
Europako ontziolak asiarren hordagoari erantzun ezinik, larrutik ordaindu dute erronka. 2000n munduko merkatu kuotaren %19 ontziola europarren esku zegoen, eta 2002an %7rajaitsi zen. Hala, nahiz eta iraganeko moldaketak lazgarriak izan, Europako Batzordeak iaz zioen ontziola europarrek bere historiako «krisirik larrienari» aurre egin behar diotela.
Egoerak ez du hobera egin geroztik. Egia da iaztik eskariak gora egin duela. Susperraldi ekonomikoak bultzatuta, itsaso bidez garraiatzen den merkantziak gora egin du, eta horrek ontzi gehiago egiteko beharra ekarri du. Hala ere, asiarrek bereganatu dute eskari gehiena. Euroak ere izan du zerikusirik. Javier Lopezek, Euskal Herriko Itsas Foroko zuzendari nagusiak arrazoitu du kontratuak dolarretan egiten direnez euroaren %30eko gainbalioak kalte egin diola lehiakortasunari.
Korearren lehia desleiala
Munduko lehiakide nagusien arteko amaigabeko partidan, bada merkatua desorekatzen duen beste arrazoi bat. Hego Korean sektore estrategikoa da ontzigintza. Multinazional handien esku dago (Hyundai, Daewoo...) eta diru laguntza mota ugari dituzte: Estatuaren kontrolpeko KEXIM bankuak esportazioei emandako bermeak edota egiturazko laguntzak zorraren barkamena, akzioen trukaketa....
Europako Batzordeak iaz egindako azken txostenaren arabera, batez besteko prezioa baino %20 merkeago merkaturatzen dituzte itsasontziak korearrek. Hots, ontzia egiteko kostuaren azpitik (dumping). 2000ko ekainean, EBk eta Hego Koreak konponbide batera iristeko akordioa izenpetu zuten, baina gerora frogatu da korearrek denbora (eta merkatu kuota) irabazi baino ez zutela nahi. Ondoren, 2002ko urrian, Bruselak MME Munduko Merkataritza Erakundean salatu zuen Hego Korea, baina aurtengo urtea amaitzeko hiru hilabete baino ez dira falta, eta oraindik MMEk ez du ebazpenik eman. Bitartean, ontziola europarrek odolusten jarraitzen dute. Bruselak argudiatzen du sektorean nazioarteko araudirik ezak desoreka horietara bultzatzen duela, eta horiei aurre egiteko ez duela «ia inolako babes neurri eraginkorrik».
EBko ontzigintzako ordezkariak, ordea, oso kexu dira Europako Batzordearen jokabidearekin, ez duelako sektorearen alde egin eta ez duelako inolako babes neurririk ezarri. Izan ere 2000. urtean, korearren lehia handitu zenean, diru laguntza publikoak ematea debekatu egin zuen, eta 2002ko urriaz geroztik, behin-behinean, %6ra arteko laguntzak baino ez ditu baimentzen. Beste herrialdeak araudi faltaz baliatzen diren bitartean, sektore europarrak babesik gabe asiarrei aurre egin behar die.
-
Datua
%50
Munduko ontzijabeen erdiak europarrak diren arren, adierazgarria da EBko ontzigintzak merkatuaren %7 baino ez izatea.