Oraingoz, Espainiak, Portugalek eta Finlandiak bakarrik iragarri dute ateak parez pare zabaltzeko asmoa. Hala, Erresuma Batua, Irlanda eta Suediarekin parekatuko lirateke; hiru herrialde horiek sekula ez baitiete oztoporik jarri atzerritik etorritako langileei. Eta ondo bidean, Herbehereak izango diramugak ezabatzen hurrena. Egunik zehaztu ez duten arren, «ziurrenik maiatzean».Aldiz, kontrakoa erabaki du Alemaniak. «Hango lan merkatuaren egoerak», orain arte moduan jarraitzera behartzen dituela dio Angela Merkel gobernuburuak. Hala, oraingoz, 2009ko apirilaren 30era arte luzatu du trabak kentzeko epea.Gainerako herrialdeek, berriz, indarrean dituzten neurriak pixkanaka arintzeko konpromisoa hartu dute. Frantziak, esaterako, datorren hiletik aurrera lehen baino erraztasun handiagoak eskainiko dizkie Europa ekialdetik datozen langileei.
Lan baldintzak okertuko dituela diote sindikatuek
Beraz, datorren maiatzaren 1etik aurrera, ekialdeko langileek askatasun osoz mugitu ahal izango dira Hego Euskal Herrian. Ez dute inolako trabarik izango han lan egiteko. Eta bertako langileek dituzten eskubide berberak izango dituzte, salbuespenik gabe. Hala dio Europako Batzordeak.
Hego Euskal Herriko langileen sindikatuek, ordea, ez dute hain argi ikusten auzia. Zalantzak dituzte. Oro har, langileen mugitzeko askatasuna bermatzearen alde daude. Baina, horrek lan baldintzak kaltetuko dituen beldur dira.Langileek eta, oro har, pertsonek Batasunean zehar mugitzeko dituzten trabak kentzeari ongi irizten dio Laura Gonzalez de Txabarri ELA sindikatuaren ordezkariak. Baina, haren ustez, neurriak ez luke ekialdeko langileentzat bakarrik balio behar. «Munduko edozein txokotatik datorrenak eskubide berberak izan behar ditu». Lan baldintzekin, berriz, ez daki zer gertatuko den. Neurria urteetan indarrean dagoen herrialdeetan, prekarietatea areagotu egin dela dio, eta irtenbide gisa «lan baldintzen goranzko harmonizazioa» proposatzen du.
'Bolkestein araua'-k sor dezakeen nahastea
LAB sindikatuak, berriz, langileen mugitzeko askatasuna bermatu aurretik oinarri batzuk ezarri behar direla uste du. Haren ordezkari Txomin Lorcaren esanetan, ekialdeko langileen eskulan merkeaz baliatzea da Espainiako Gobernuaren helburu bakarra. «Eta bost axola zaiola haiek behar bezalako lan baldintzak izatea». Haren iritziz, erabakia soilik enpresaburuen mesederako izango da. Gainera, kezka eragiten dio Bolkestein araua-rekin duen loturak. Izan ere, haren 16.artikulua jatorri herriaren ingurukoa erabat zehaztu gabe geratu zen, eta sekulako nahastea eragin dezakeelakoan dago. Aipatu arauak dio, langile bakoitzak bere jatorri herrialdeko eskubide berberak izango dituela beste edonon egonda ere.
UGT eta CCOO sindikatuek atzerritik etorriko den langile kopurua kontrolatzeko eskatzen die erakundeei. Hala, kontratuak euren herrialdeetan daudenean egitea proposatzen dute, gero, herrialdera sartzerakoan baimen gisa erabili ahal izateko.
LANERAKO OZTOPOAK
Azken epea: 2011ko maiatzaren 1a
2004ko maiatzaren 1ean, hamar kide berri batu zitzaizkien, aurretik Europako Batasuna osatzen zuten hamabost herrialdeei. Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Letonia, Lituania, Hungaria, Polonia, Txekiar Errepublika, Zipre eta Malta, hain zuzen. Horrek kezka eragin zuen kiderik zaharrenengan. Atzerritar uholdearen beldur ziren, ekialdeko langileen eskulan merkea zela eta. Pertsonen mugitzeko askatasuna kolokan zegoen.
Baina, aipatu eskubidea Europako Batasunaren zutabe nagusienetakoa izanagatik, herrialde gehienek euren lan merkatura sartzeko trabak jarri zizkieten ekialdeko langileei. Tartean, baziren pare bat salbuespen. Batetik, Erresuma Batuak, Irlandak eta Suediak ez zuten inolako neurririk hartu Batasuneko herrialde berrietatik zetozen langileei sarrera mugatzeko. Eta bestetik, gainerako herrialdeek jarritako baldintzek ez zieten eragiten Zipre eta Maltatik zetozen langileei.Alabaina, Batasuneko kide guztiek akordio bat egin zuten, muga horiek 2006ko maiatzaren 1ean indargabetzeko konpromisoa hartuz. Pasatu dira bi urte, eta iritsi zaio herrialde bakoitzari oztopoak kendu ala orain arte moduan jarraitu erabakitzeko garaia. Mugak guztiz kentzeko azken epea, 2011.urteko maiatzaren 1a da. Hala erabaki zuten 2004an.