Astea gaizki hasi zuten merkatuek, iragan ostiralean AEBetako Kongresuak onartutako salbamendu plana nahikoa izango ez zela iritzi baitzioten. Eta astea okerrago bukatu dute burtsek, onartu diren neurri guztiek huts egingo duten beldurrak jota.
Gainera, Lehman Brothersen mamua ere hortik dabil. Irailean porrot egin zuen inbertsio banku horrek 400.000 milioi dolarreko balioa duten CDSak zituen -Credit Default Swap edo zorra bermatzeko kontratuak-, eta orain ikusteko dago horiek zer eragina izango duten, baina ziur ez dela ona izango.
Atzokoa egun bereziki txarra izan zen Asian -Nikkeik %9,62 galdu zuen- eta Europan-%8,85 FTSEk, %8,83 Bilbokoak, %7,88 Eurostoxxek, %7,73 CACek eta %7,01 DAXek-. Guztien artean okerrena Madrilgo Ibex 35, 1992an sortu zenetik ez baitzuen egun bakarrean hainbeste -%9,14- galdu.
Wall Streetek erantzun hobea izan zuen, baina bezperan %7,33 galdu zuen, 1987ko urriaren 19ko astelehen beltzaz geroztiko jaitsierarik handiena. Giro horretan, Sao Pauloko burtsak -Brasilgo handienak-kotizazioa etetea erabaki zuen.
Aste osoan pilatutako galerak %20tik gorakoak dira: %21 Ibexek, FTSEk eta DAXek, %22koak Eurostoxxek eta CACek eta %24,3 Nikkeik. Urtea hasi zenetik %40 baino gehiago galdu dute. Jaitsiera sektore guztietara hedatu da, nahiz eta bankuek galdu duten gehien.
Euriborra behera
Burtsetatik zetozen albisteek erabat ezkutatu egin zuten euriborrak, azkenik, zertxobait behera egin zuela. %5,489an geratu zen atzo, eta bezperan %5,512an zegoen.
Adi hauei
Sacyr Vallehermoso. Repsolen sartu izana oso garesti atera dakioke. 6.525 milioi euroren truke %20 erosi zuen, baina aurten, Repsolek %30 egin du atzera, eta, honezkero, erosi zuenean baino %20 merkeago dago. 2.600 milioi euroko galera, Sacyrrek burtsan duen kapitalizazioa baino gehiago. Gehitu horri operazioa finantzatzeko 5.175 milioi euroko bost urterako mailegua hitzartu zuela. Uneotan eraikuntza taldearen zorra 18.000 milioi eurokoa da. Burtsan duen kapitala halako sei.General Motors. Munduko autogile handiena zena larri zaurituta dago. Asteon Dow Jonesen gehien galdu duen enpresa izan da, %43. Baina galera horiek galera gehiagoren atzetik datoz. Lehman Brothersek kiebra joz geroztik %60 galdu du, eta urtebetean berriz, %90. Duela urtebete zailtasunak zituela esaten bazen, argi dago orain kinka larrian dela. Burtsan iaz 285.000 milioi dolar balio zituen, eta orain 37.000 milioi dolar balio ditu. Ukatu egin du GMk ordainketak etetear dela: «Ordainketak etetea gure langile, akzidun, hornitzaile eta bezeroen interesekin ez dator bat, eta horrelako espekulazioak gehiegizkoak dira». Balizko kiebra batek zehar kalte handiak eragingo lituzke, auto industrian ezezik, finantza erakundeen artean ere (CDS merkatuan).