Bilbobuseko langileak grebara deitu ditu enpresa batzordeak. Oraingoan, autobus zerbitzua kudeatzen duen Veolia enpresak akordioak ez betetzea izan da arrazoi nagusia. Horrenbestez, hilabete bukaerara arte bost greba egun izango dituzte. Astearte eta ostiraletan izango dira horiek: hilaren 16an, 19an, 23an, 26an eta 30ean, hain zuzen.
Sindikatuen aburuz, zuzendaritzak arau hauste «larriak» egin ditu: langileak ordezkatzeko garaian, lan egutegia aplikatzeko garaian, eta oro har, lan baldintzetan. Azken horietan «oinarrizko» aldaketa bat egin duela adierazi dute, baina ez dute zehaztu zein den hori. Mugagabeko kontratuen inguruan hitz egiteko prest agertu ez delako ere kritikatu dute enpresa.
Pedro Angulo enpresa batzordeko presidentearen arabera, hamar hilabetez eduki dute pazientzia, baina jadanik «lanuzte horiek deitzea beste biderik» ez zaiela geratzen adierazi du, «urte askotan lortutako lan eskubideak» kendu ez diezaien.
«Bidegabea»
Veoliako zuzendaritzak «onartezina» eta «bidegabea» dela adierazi du greba, eta egungo krisi garaian «arduragabekeria» dela iritzi dio. Sindikatuen jarrerak, giroa tensatzen duela esan du, bi aldeen elkarrizketa eta negoziazio bidea «kutsatuz».
Beste grebarik ere bada Bizkaian, Loiuko aireportuko garbitzaileek atzo hasi zutena, eta igandera arte iraungo duena. Berriz ere lan hitzarmenaren negoziazioak etenda egoteak bultzatu ditu lanuzteak. Deialdiari aurre egiteko, Espainiako Sustapen ministerioak zerbitzu minimoak ezarri ditu, baina grebara deitu duen ELA sindikatuak gehiegizkotzat jo ditu, eta helegitea jarri die. Martxoko zubian eta aste santuan ere greba egin zuten garbitzaileek arrazoi berberengatik.
Grebarik egingo ez dutenak Artxandako tuneleko langileak izango dira. Sei eguneko lanuzteen ondoren, akordioa lortu dute enpresarekin lan hitzarmenaren inguruan. Aurten %5eko soldata igoera eta 12 lan ordu gutxiago edukiko dituzte. 2010ean KPIa gehi %2ko soldata igoera eta 14 lan ordu gutxiago; eta 2011ean KPIa gehi %2koa, eta 12 lan ordu gutxiago.
Astearte eta ostegunetan greba egingo dute Bilbobuseko langileek
Igandera bitartean lanuzteak egingo dituzte Loiuko aireportuko garbitzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu