LAN GATAZKA. LA NAVAL ONTZIOLA

Asteartean apur daitezke La Navaleko lan negoziazioak, sindikatuen ustez

Erredakzioa
BILBO
2003ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Izarreko nagusiak eta La Navaleko sindikatuak berriro bilduko dira heldu den asteartean. Negoziazio kolektiboak eta lan faltak eragindako gatazkaz eztabaidatu behar dute. Sestaoko ontziolan ez da giro, eta langileen ordezkariek jakinarazi dute asteartean apur daitezkeela harremanak.

Uztailaren 1ean bildu ziren sindikatuetako eledunak eta Izarreko nagusiak azkeneko aldiz. Negoziazio kolektiboak eta lan zama eskasak eragindako gatazka amaitzeko proposamenak trukatu zituzten. Aitzitik, arazoak bere horretan dirau: lan hitzarmenak ez du ez aurrera ez atzera jotzen, eta ontzi gehiago eraikitzeko eskaririk ez dute jaso.

Sindikatuen aburuz, «Izarreko nagusien jarrera hertsiek eragin dute negoziazio kolektiboaren luzapena». Susmo txarra dute: «Agian industria egitasmo gogorra bultzatu nahiko dute». Egitasmoak «lantaldearen murrizketa» eta «zenbait lantegiren itxiera» ekar dezake. Ildo horretatik, egoerak hobera egin ezean, «askotariko mobilizazioetara» deituko dutela iragarri dute.

Lan zama eskasari dagokionez, sindikatuek onartu dute kontratu berriak sinatzeko ahaleginetan dabiltzala nagusiak. «Dena den, ezer ez da konpondu oraingoz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.