Astebete geratzen zaio Cristobal Montorori hitza betetzeko. Urriaren 18an, Espainiako Ogasun ministroak konpromisoa hartu zuen Kongresuan abenduaren 31 baino lehen Nafarroako 2015etik 2019ra arteko eperako ekarpenaren akordioa lortzeko. Asteon Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak berretsi duenez, bi aldeek ekarpenaren kalkulu teknikoa hitzartua dute, baina hori gauzatzeko azken sinadura baino ez da falta. Hala ere, itzulinguru ugariren ostean, denak ondo amaituko duela dirudi. Asteazken arratsaldean, Madrilen, Ogasun Ministerioaren egoitzan, hitzordua du Hitzarmen Ekonomikoaren koordinazio batzordeak. Ondo bidean, abenduaren 27an akordioa itxiko dute bi gobernuetako ordezkariek.
Eusko Jaurlaritzarekin alderatuta abantaila handi bat du Nafarroako Gobernuak. Maiatzean hitzartu zituzten Pedro Azpiazuk eta Montorok kupoaren eta kontzertu ekonomikoaren inguruko hitzarmenak, baina aldaketa horiek gauzatzeko ezinbestekoa zen bi lege proiektuak Espainiako Kongresuak babestea. Azken tramite horretan hilabeteak joan ziren. Nafarroaren kasuan, bi aldeen arteko akordioa nahikoa da. Hortaz, foru gobernuak oso gertu du ia hiru urtez itxaron duen ituna. Sinatu arte, ordea, ezer ez da finkoa.
Azken orduko mugimendua
Hartara, hitzordu erabakigarri horretarako egun gutxi falta direnez, diskretuki jokatzea hobetsi dute bi aldeek, eta exekutiboen inguruko komunikabideek isiltasuna gorde dute orain arte. Atzo, ordea, Diario de Navarra-k kaleratu zuen bi aldeek hitzartzear dutela 2015eko ekarpen likidoaren zenbatekoa, eta 510 milioi eurokoa izango dela. BERRIA-k jakin duenez, azken zifra hori bada ere, ekarpen likidoa 479,9 milioi eurokoa izango da eta zifra horri doikuntza batzuk gehitu behar zaizkio. Dena den, akordioa sinatu arte, ezingo dira xehetasunez jakin nondik norakoak.
Zeri erantzuten dio azken orduko mugimendu horrek? Informazioa aurreratzeko komunikabideen arteko lehiaz harago, atzean akordio garrantzitsu horri etekin politikoa ateratzeko interesa ezkutatu daiteke. Nafarroako Gobernuak lehenago emango lioke informazio hori DN ez den beste egunkari bati. Nafarroako PPn ere haserrea piztu ditu isuriak. Eskuinaren eremuan, PPri oso interesgarri zaio Madrilek Nafarroaren alde lortutako lorpenak nabarmentzea.
Alderdi guztien artean UPNk eta Ahal Dugu-k plazaratu zuten iritzia. Javier Esparza UPNko presidenteak poza agertu zuen«akordioa lortu dutelako» bi gobernuek. «Bi administrazioak elkarrekin eta leialtasunez lan egiten dutenean Nafarroaren, eta ondorioz, Espainiaren mesederako akordioa lortzen dute». Eduardo Santos Ahal Dugu-ko idazkari nagusia ere pozik agertu zen «Estatuak erreklamatutako dirua nabarmen jaitsi delako».
2015eko zein 2016ko hauteskunde zikloen eta Espainiako Gobernua osatzeko zailtasunen ondorioz bi urtez atzeratu zen negoziazioa. Bitarte luze horretan, Iruñeak eta Madrilek desadostasun handiak izan dituzte. Iaz, adibidez, 520 milioi euro pagatu behar zituela zioen Nafarroak, eta Madrilgo gobernuak 613 milioi euro erreklamatu zizkion. UPNkMadrilen tesiekin bat egin zuen.
Azkenik, otsailean hasi zituzten elkarrizketak, eta prozesu horretan lan teknikorako oinarri izan dute Nafarroako Ogasunak landutako txosten bat. Bi administrazioek partekatutako gastuak aztertu ditu ikerlanak, ekarpenaren kalkuluan aintzat hartu asmoz: lanaren arabera, 2015eko ekarpena gutxienez 341 milioi eurokoa izan behar luke eta gehienez 494 milioikoa. Asteazkenean lotzen den ekarpena azkenik 479,9 milioi eurokoa bada, tarte horren barruan izango da.
Akordioaren osteko kontakizunari begira azken zifra garrantzitsua izan daiteke, hortaz. Beste inongo azalpenik eman gabe, Diario de Navarra-k aurreratutako 510 milioiko zifra2010ean UPNren gobernuak hitzartutako 480 milioi eurokoa baino handiagoa da. Atzo, UPNk ez zion horri aipamenik egin, baina gobernuaren gestioa zalantzan jartzeko helduleku gisa erabil dezake.
Ekarpenaz gainera, asteazkenean ziurrenik 2015eko eta 2016ko likidazioak itxiko dira, eta 2017koa ere ia zehaztuta geratuko da: Madrilek Nafarroari ordainaraziko diruaren eta zehaztutakoaren arteko aldea itzuli beharko du, hortaz. Zifrak aurreratu zain, oso ona izan daitekeela espero dute Berria-ren iturriek..
Asteazkenean hitzartu nahi dute ekarpena Iruñeak eta Madrilek
2015eko ekarpen likidoa 479,9 milioi euro izango da, eta aldagai batzuk gehituta, 510 milioikoa da azken zifra. Abenduaren 27ko arratsaldean Madrilen bilduko dira bi aldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu