Astebete eurogunea salbatu ahal izateko

Datorren osteguneko goi bileraren aurreko egunak «kritikoak» direla onartu du Olli Rehn komisarioak

Erredakzioa
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Zirt edo zart egiteko egunak dira Europarentzat. «Epe kritikoan gaude, Europako Batasunak krisiari emango dion erantzuna osatzeko eta amaitzeko», onartu zuen atzo Olli Rehnek, Europako Batzordeko Diru eta Ekonomia Gaietarako komisarioak, Ecofinen bileran parte hartu aurretik. Europako agintariek goi bilera egingo dute datorren ostegunean.

Rehnek bi lan ildo nagusi aipatu zituen: alde batetik, finantza merkatuetako gorabeherei aurre egiteko tresna nahikoak eta sinesgarriak bermatzea; bestetik, euroguneko politika ekonomikoak gehiago koordinatzea eta bateratzea.

Europako agintariek hilabeteak daramatzate Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren (EFSF) funtzioez eta indarraz eztabaidatzen. Finantza eta Ekonomia ministroek Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza eskatzea onartu zuten herenegun. Horrez gain, EFSFk herrialdeen zorra erosi ahal izango du zorraren lehen mailako eta bigarren mailako merkatuetan, eta bankuek EFSFra jo ahal izango dute birkapitalizatzeko.

Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen taldeak (Ecofin) bankuei berme europar bateratuak ematea baztertu zuen atzo. Zenbait herrialdek eta bankuk Europaren berme bateratuak nahi dituzte, bankuek zor merkatuetara jotzen dutenerako. Ecofinek uko egin dio aukera horri, bankuek EFSFra jo dezaketelako.

Eurobonuei buruz ere hitz egin zuten atzo. Eurobonuen alde egin zuten Mario Monti Italiako lehen ministroak, Elena Salgado Espainiako Finantza ministroak etaDidier Reynders Belgikakoak; kontra, ordea, Anders Borg Suediakoak. Alemania ere eurobonuen kontra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.