Atenasek EBren dirua jasoko du, eta Lisboak langile publikoen aparteko saria

Europako Batzordeak ere bere langileen %5 kalera bota nahi ditu., eta geratzen direnen lanaldia luzatu

Iker Aranburu.
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren lasaitasunerako, Greziako Parlamentuak doikuntza plana berehala indarrean jartzeko legea onartu zuen atzo. Horrenbestez, Atenasko gobernuak 12.000 milioi euroko maileguak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela aitortu du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. Diru horri esker, Greziak bere premiazko zorrak pagatu ahal izango ditu eta hurrengo urteotakoak ordaintzen joateko bigarren erreskatea jasotzeko atea ireki du. Prezioa? Herritarrek zerga gehiago pagatuko dituztela, bost langile publikotik bat kalera joango dela eta hainbat enpresapubliko pribatizatuko dituztela.

Greziaren zorraren %25etik gora dute bankuek, eta haiek ere ari dira egoerara egokitzen. Frantziakoek egindakoaren ildotik, Alemaniakoek ere onartu dute 2014 bitartean jaso behar zituzten 3.200 milioi euro beranduago jasotzea, interes handiagoen truke.

Portugalen, Madrilera zihoan abiadura handiko trena geratu ostean, Pedro Passos Coelho lehen ministro berriak Gabonetako aparteko soldatarekin jarraitu ditu murrizketak. Sari horri urte baterako %50eko zerga berezia ezartzea erabaki du, sektore pribatuan zein publikoan. Horri esker 800 milioi euro aurreztea espero du Lisboako Gobernuak.

Aurten defizita BPGaren %5,9ra jaisteko beste neurri bat pribatizazioak dira. Passos Coelhok salgai jarraiko du EDPren argindar enpresaren %25eko parte hartze publikoa. Portugalgo enpresa handienetako bat da EDP —iaz 1.080 milioi euro irabazi zituen— eta harena da Naturgas. REN argindar banaketa sarearen parte hartzea (%51,1), Galp petrolio enpresarena (%8) eta TAP aire konpainiarena (%100) ere salduko du Lisboak.

Murrizketa gogorrak martxan jarri ditu Erresuma Batuko Gobernuak, eta atzo jaso zuen lehen protesta handia. Sektore publikoko ehunka mila langilek greba egin zuten beren lanaldia igoko delako eta pentsioak jaitsiko direlako. David Cameron lehen ministroak arduragabekeriaz jokatzea egotzi zien sindikatuei, haiekin hizketan ari direlako. «Hizketan bai, baina ez gaituzte entzuten», erantzun zion Christine Blower NUT irakasleen sindikatuko idazkari nagusiak.

Europako Batzordeari ere iritsi zaio langileei gerrikoa estutzeko ordua. Mila milioi euro aurrezteko, iragarri du 2.750 langile gutxiagorekin lan egin nahi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.