Atxiloketak salatzeko, manifestazio jendetsua egin dute Iruñean

Hamalau atxilotuak aske dira; desordena publikoa eragitea eta langileen eskubideak urratzea egotzi diete

Erredakzioa
Iruñea
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Martxoaren 29tik, 31 lagun atxilotu ditu Poliziak Nafarroan, greba orokorraren egunetan desordena publikoa eragitea eta langileen eskubideak urratzea egotzita. Azken hamalauak herenegun atzeman zituen. Haietatik zazpi, adingabeak, egunean bertan utzi zituen aske epaileak, zer egozten dieten jakinarazi orduko. Gainontzeko zazpiak, ostera, atzora arte ez zituzten askatu. Atxiloketak agindu dituzten arduradun politikoen jarrera salatzeko eta herritarren gehiengoaren interesak lehenetsiko dituen bestelako eredu bat aldarrikatzeko, ehunka herritarrek manifestazio jendetsua egin zuten atzo arratsaldean, Iruñeko Gazteluko plazatik abiatuta.

ELAk atxiloketak gaitzetsi ditu, eta esan du haien helburu bakarra grebarako eskubidea kriminalizatzea dela. «Bat datoz eskubide hori murrizteko eztabaida politikoarekin». Sindikatu abertzalearen ustetan, Madrilgo Kongresuak aurki hartuko du grebarako eskubidea mugatzeko erabakia. Era berean, ELAk uste du atxiloketak greba orokorrak izan zuen arrakasta indargabetzeko darabiltzatela.

UPN, ostera, «oso pozik» agertu da Poliziak greba orokorraren eguneko «istiluen» eragileak atxilotu dituelako. «Egileek justiziaren aurrean erantzun beharko dute, eta beren gain hartu beharko dute eragindako kalteen erantzukizuna». Alderdi horrek nabarmendu du merkataritzako establezimenduetan eragin zituztela kalterik handienak, «ehunka mila euroren kalteak», eta lan egiteko eskubidea larriki urratu zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.