zerga iruzurra

Atzemandako ustezko zerga delitu kasuak bikoiztu egin dira Gipuzkoan, urteko lehen seihilekoan

Hamar kasu izan dira eta guztien artean hiru milioi euroko iruzurra atzeman du Gipuzkoako Ogasunak. Zerga iruzurraren aurkako metodoen artean borondatezko aitorpenak egiteko kanpainak azpimarratu ditu Xabier Olano ogasuneko zuzendariak. Urtebeteko balantzea egin du goizean, Donostian.

Maite Alustiza.
2012ko irailaren 5a
12:15
Entzun

Bikoiztu egin da urteko lehen seihilekoan Gipuzkoako Ogasunak zerga delituaren zantzuak atzemateagatik epaitegietara eramandako espedienteen kopurua, iazko epe berarekin alderatuz gero. Zenbateko hori bost kasutik hamar kasura igo da, hain zuzen. Hamar kasu horien artean hiru milioi euroko iruzurra dago —delitu fiskala izateko gutxienez 120.000 eurokoa izan behar du iruzurrak—. Hala jakinarazi du gaur goizean Xabier Olano Gipuzkoako Ogasuneko zuzendariak Donostian, zerga iruzurraren inguruan urtebeteko balantzea egiterakoan.

Olanok nabarmendu du zerga iruzurraren aurkako metodorik “eraginkorrenak” borondatezko aitorpenak egiteko kanpainak izan direla, izan errentarenak, ondarearenak, BEZarenak... Haren arabera, "emaitza hobeak" bermatzen dituzte, eta horren adierazle dira gaur emandako datuak.

Errentaren kanpainan borondatez aurkeztutako 393.405 aitorpen jaso dituzte Gipuzkoan, eta horrela, aurreikusitakoa baino 11,1 milioi euro gehiago bildu dituzte. Emaitza “bikainak” dira Olanoren ustetan, baita ondare zergaren diru bilketan izandakoak ere: borondatezko 5.799 aitorpen aurkeztu dira, guztira 35,5 milioi euro jaso dira, uste baino 6,5 milioi euro gehiago.

Jarduera profesionalei dagokienean, Olanok gogorarazi du xehetasunez aztertzen ari direla zenbait profesionalek aurkeztutako aitorpen fiskalak. Oraindik datu osorik ez badute ere, 2012rako aurreikusitakoak betetzen ari direla aurreratu du Olanok. “Zerga iruzurraren aurkako borrokak lehentasun osoa du foru ogasunarentzat,eta zero tolerantzia printzipioarekin jarraituko dugu”. Arrisku bereziko zergadunen erroldaren foru araua datozen egunetan tramitatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.