Lan erreforma

Atzera bota dute Vallsen gobernuaren aurkako zentsura mozioa

Aldeko 246 boto izan dira, eta haien artean sozialistarik ez. Horrenbestez, lan erreformak aurrera egin du Frantziako Asanblean

Manifestazioa egin dute gaur Baionan, sindikatuek. BOB EDME
Iker Aranburu.
2016ko maiatzaren 12a
07:09
Entzun

 PSko frondeur edo suminduetako bakar batek ere ez du bat egin eskuinak aurkeztutako zentsura mozioaren alde. Hori zen Manuel Valls lehen ministroaren kalkulua, eta horregatik erabaki zuen El Khomri legea —lan kodearen erreforma— bozketa gabe pasaraztea, Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikulua erabilita. Azken egunotan PSko burukideek alderditik botatzearekin egin diete mehatxu zentsura mozioaren alde bozkatzen zutenei.

Mozioaren alde bozkatu dute Errepublikanoak taldeko 196 diputatuek, UDIko 27k (30 ditu), Ezkerreko Fronteko 11k (15), bi ekologistak (16), RDG taldeko batek (18) eta talderik gabeko bederatzik (13). Azken horien artean daude PStik urrundutakoak, FNko biak eta Jean Lasalle Modem zentristako diputatu biarnesa.

Soilik eskuinak aurkeztutako zentsura mozioa bozkatu dute gaur, gutxigatik ez baititu ezkerrak bildu bere zentsura mozio propioa aurkezteko behar zituen 58 sinadurak; 56rekin geratu zen; haien artean, PSko 28 diputatu, Ezkerreko Frontekoak, hamar ekologista  eta Jean Lasalle, Ipar Euskal Herriaren barnealdearen zati handi bat eta Biarno mendebaldea biltzen dituen barrutiko diputatua.

Bozketa eragoztearren Vallsek ihesbide juridiko bat erabili izanak are gehiago asaldatu ditu legearen aurkakoak. Bosgarren protesta eguna dute gaur. Baionan ere elkartu dira gaur goizean, CGT, LAB, BIzi eta beste talde batzuek deituta. Poliziaren arabera, 1.200 lagun bildu dira. Jende gehiago bildu izan da aurreko batzuetan.

Parisen, arratsaldean egin dute manifestazioa, eta Asanbleatik gertu bukatu dute. Istilu batzuk izan dira polizien eta manifestarien artean, eta zenbait pertsona artatu dituzte, kolpeak jaso ondoren.

"Hollandek Frantzia hondoratuko du"

Asanblearen barruan ere giroa beroa izan da. Christian Jacob Errepublikanoak eskuineko alderdiko buruak François Hollande presidentearen lana salatu du, eta PSko kritikoei eskatu die gobernua botatzen laguntzeko. "Frantziarren %84k uste dute Hollanderen politikaren bilana txarra dela. Suminduei deitzen dizuet arduraz joka dezazuen […] Zentsurak porrot egiten badu, frantziarrei soilik gertatuko zaie botere aldaketarako falta diren egunak zenbatzea. Zuentzat eta zuen ministroentzat denbora pixka bat irabaz dezakezue, lehen ministro jauna. Presta zaitezte hondoratuko zaituzten uhinerako, frantziarren etsipenaren neurriko uhinerako. Hollandek Frantzia hondoratuko du, bere aldekoei traizioa eginez eta frantziarren itxaropenak zapuztuz". 

Philippe Vigier UDI zentristako bozeramaileak beste lege batzuetan gobernua babesteko prest azaldu dela azaldu du, "baina gure jarrera eraikitzaileak ez du oihartzunik izan". Lan merkatua erreformatu beharra dagoela adierazi du, eta proposamenen artean aipatu du kaleratze bidegabeetan gehienezko kalte-ordainak finkatzea. Neurri hori agertzen zen El Khomri legegaiaren lehen testuan, baina Vallsen gobernuak atzera egin zuen, CFDT sindikatuaren babesa lortze aldera. Horregatik beragatik, legegaia motz geratuko dela esan du Medef patronalak.

Vallsen gobernuak lan merkatua erreformatzeko moldearekin kritiko azaldu arren, zentsura mozioaren aurka mintzatu dira PRGko Alain Tourret eta Christophe Cavard ekologista.

Ezkerreko Frontearen aldetik, Andre Chassaigne PCFko diputatuak "Medefen eta Bruselen deiei men egitea" egotzi dio lehen ministroari. "Bruselan bezala Parisen ere, erreformatzea liberalizatzea da, atzera egitea". Enpresako lan itunei lehentasuna emanda "globalizazioaren aurka langileek duten azken harresia kendu diezue". 

Kritika guztiei erantzutea egokitu zaio Bruno Le Roux PSko diputatuari. Azken lau urteotan gobernua elkarrizketa soziala garatzen saiatu dela ziurtatu du, eta helburua duela enpresan ere elkarrizketa giroa zabaltzea.  "Egin beharreko iraultza kulturala da […] Sindikatuei aurretik ez zuten leku bat eman diegu, haien lana indartzen dugu. Saria jasoko dute egokitzen jakin dutenek".

49.3 artikuluaren erabileraren aurretik eztabaidatutako 800 zuzenketetatik 300 onartu dituztela azaldu du Le Rouxek, eta harro dagoela horiei esker "langileak hobetu babestuko dituztelako eta lanean sexismoa borrokatuko dutelako". Lan munduan "aro berri" bat zabaldu delako lan kodea berritu behar dela adierazi du. "Soldatapekoen %30ek lan partziala dute. Kontratu mugagabearen batez besteko adina 26 eta 28 urteen artean dago. Gazteek prekaritatea jasaten dute, gero eta berantago lortzen dute enplegua. Kontratazio gehienak aldi baterako kontratuekin egiten dira. Eta, azken hogei urteotan, ezer aldatu izan ez balitz bezala jokatzen dugu. Geure herriak langabezia masiboa hautatu du. Lan merkatuaren arazoei erantzun nahi die lege proiektuak".

Bozketaren aurretik, Vallsek berak hartu du hitza, lan erreformaren eztabaida etetearen arrazoiak azaltzeko. "Ohartu gara kontrakoen aliantza batek lege proiektua trabatuko zuela: langileei babes handiegia ematen zaiela uste dutenak eta erreformak langileen eskubideak auzitan jartzen dituela uste dutenak".

Dimisioak PSn

Lan erreformaren inguruko eztabaida sutsua ondorio politikoak ere izaten ari da. Gaur goizean PSko talde parlamentarioa uztea erabaki dute bi diputatuk. Horren ondorioz, PSk 284 kide izango ditu. 574 diputatu daude gaur egun, hiru aulki hutsik baitaude.

Dimisioa eman dutenetako batek, Reunion uharteko Patrick Lebretonek, lan erreformari buruzko desadostasunak arrazoitu du bere erabakia azaltzeko. "Gobernuak eztabaida parlamentarioa eragotzi du testu ilegitimo bat inposatzeko, kaleak, sozialista askok eta ezkerraren zati handi batek arbuiatzen duten testua".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.