ALTZAIRUGINTZA

Atzera egin ezean, lantegiak martxan jartzeko interesa dutenei tokia egiteko eskatu dio Tapiak Arcelor Mittali

Itxiera asmoak baztertzen ez baditu, albo batera egitea eta Zumarraga eta Sestaoko plantak salbatzeko balizko erosleei trabarik ez jartzea exijitu dio sailburuak. Multinazionalak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dituen lantegien "informazio xehatua" gura du Jaurlaritzak.

Arantxa Tapia, erdian, Arcelorren inguruko agerraldian. @ARANTXA_TAPIA
Oihan Vitoria.
2016ko maiatzaren 14a
12:34
Entzun

Aste erabakigarria eta kritikoa izan da Arcelor Mittalen Zumarragako (Gipuzkoa) eta Sestaoko (Bizkaia) lantegientzat. Bileraz bilera ibili dira lan gatazka horietan inplikatutako erakunde, behargin eta multinazionaleko ordezkariak. Ados jartzeko ahaleginek, ordea, ez dute fruitu emankorrik eman. Emaitza "etsigarria" izan dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak, bi lantegiotako egoera baloratzeko eginiko agerraldian: "Enpresak atzera bota ditu proposamen guzti-guztiak, behin betiko".

Martxoaren 15ean Zumarragako lantegiaren itxiera iragarri zutenetik, Jaurlaritzak esfortzuak "biderkatu" dituela ziurtatu du sailburuak, baina altzairugintzako multinazionalak atzera egin ezean Gasteizko gobernuak ezer gutxi egin dezakeela ohartarazi du. Eskari argia egin dio zuzendaritzari: lantegiak ixteko asmoa baztertzen ez badu, horiek martxan jartzeko interesa dutenei tokia egiteko, inbertsioak egiteko "bokaziorik, inplikaziorik eta borondaterik gabe" jarraitzen badu, behintzat.

"Haientzat lantegiak benetan bideragarriak ez badira eta ixteko asmoa badute, albo batera egin dezatela eta norbaitek horiek martxan jartzeko borondatea badu hori ahalbidetu dezatela eskatzen diogu. Eskertuko genioke interesa izan dezaketen beste eragile batzuei bidea erraztea". Alegia, lantegiak salbatzeko balizko erosleei oztoporik jar ez diezaietela. Gaur-gaurkoz, hori bai, inork interesik agertu ez duela argitu du sailburuak, baina atea oraindik irekita dagoela. "Gobernuaren eginkizuna da topatzen jarraitzea".

Aurreikuspenak, argitara

Jaurlaritza, oro har, ez dator bat multinazionalak hartu duen bidearekin. Baina erabakiekin ez ezik, jarduteko moduarekin ere oso kritiko mintzatu da Tapia: "Erabat kontra gaude, baina ez bakarrik egiten ari denagatik, moduengatik baizik". Ildo horretan, enpresak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dituen lantegi guztietako aurreikuspenaren xehetasunak eskuratu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, jokoz kanpo gera ez dadin. "Lehenbizi, ACBrekin topatu ginen, oharkabean, eta gero, Zumarragarekin. Konpainiak epe laburrera, ertainera eta luzera zer egin nahi duen jakin nahi dugu". Horrela, negozioaren, ekoizpenaren, inbertsioen, fabrikatuko dituen produktuen eta enpleguaren bilakaeraren gaineko informazioa "gardentasunez" eta "arduraz" helaraz diezaietela exijitu du sailburuak.

Planta asko dituen enpresa bakarra denez, egoeraren "argazki orokorra" aztertzea dagokiela uste du Tapiak, kontrakoak inprobisazioz aritzea ekar lezakeelakoan. Halakoak eragotzi nahi dituzte: "Erakundeak industria jarduerarekiko erantzunean malguak eta azkarrak izan behar baldin bagara, ezin gara inprobisazioaren menpe ibili: enpresa bat ezin da etorri gaur arazo batekin; hemendik hamabost egunera beste arazo batekin; eta hemendik hilabetera arazo batekin ez, inbertsio izugarria egiteko asmoarekin. Horrela ezin du jokatu administrazioak".

"Pertsonak daude atzean"

Tapiak oroitarazi du enpresaren "borondate faltaz" gain, Txinak altzairua ekoizpen kostuak baino merkeago saltzeak eta energia kostu "neurrigabeek" eraman dituztela amildegira bi lantegi horiek. Prozesu guztian Espainiako Industria Ministerioa "absente" egon dela salatu du Tapiak, eta Bruselatik dumping-aren aurkako pausoak ematen ari badira ere, "nahiko lukeena baino mantsoago" dabiltzala esku hartzen. Egun, zazpi ikerketa daude martxan, eta horietako bat beroan ijeztutako bobinei buruzkoa da; Sestaoko ACBn ekoizten dituzte bobina horiek.

Orain gutxira arte lekualdatzeak eta kalte-ordainak negoziatzeari uko egin diote Zumarragako langileek, baina asteon hasi dira negoziatzen, badakitelako itxiera ia saihestezina dela. Sestaoko lantegiari dagokionez, uztaileko asteburu batzuetan berriz irekitzea nahi du zuzendaritzak, eta murrizketak proposatu ditu bai lantaldean eta bai ekoizpenean; langileek ez dute onartu. Tapiak, berriz, arrazoi teknikoak eta ekonomikoak mahai gainean jarriko dituen bideragarritasun plan xehatu bat galdegin dio zuzendaritzari.

Sailburuak premiazkotzat jo du argitzea altzairuaren eta Arcelorren borondatearen inguruko zalantzak. "Jardueraren alde eginez gero", Jaurlaritza laguntzeko prest dagoela berretsi du. Gaur-gaurkoz, halere, zail dirudi agertoki horretara iristea. Tapiak berak "kezkatuta" onartu du langileen ziurgabetasuna erabatekoa dela: "Pertsonak daude atzean". Horri buelta emateko, eragile guztiek elkar hartuta lan egin beharko luketela nabarmendu du. "Baina baita enpresak ere, sentsibilitate handiagoarekin. Bestela, konplikatua izango da guztion onurarako irtenbideak topatzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.