Atzeraldi teknikoa gainditu zuten Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 2009. urteko azken hiruhilekoan. Tarte horretan, barne produktu gordinak (BPGa) %0,2ko hazkundea izan zuen, aurreko hiruhilabetearekin alderatuz. Definizio hedatuenaren arabera, bi hiruhilabetez jarraian atzera egin behar du ekonomiak atzeraldian erortzeko, baina hiruhileko bakar batean hazkundeari berriro heltzeak balio du ateratzeko.
Lehen aldia da Eustatek urteko kontu ekonomikoen aurrerapena ematen duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat, beste estatistika erakunde batzuek egiten duten modura. Heldu den astelehenean barne produktu gordinaren osagaiek izan duten garapena zehaztuko du. Eustatek emandako aurrerapenaren arabera, industria sektorearen hobekuntza, eraikuntzaren uzkurtze arinagoa, eta merkatu zerbitzuen eboluzioa izan dira joera aldaketaren oinarriak.
Datua ikusmin handiz espero zuen Eusko Jaurlaritzak. Iraila eta urria bitartean, Gipuzkoak hazkunde positiboa izan zuen berriro, eta Araba eta Bizkaia oso hurbil geratu ziren. Haatik, Ekonomia eta Ogasun Sailak ez zuen argi urteko azken txanpan hazkundeari heltzea posible izango zen edo ez.
Albistea ezagutu ondoren, krisiaren «txarrena» atzean geratu dela ziurtatu zuen Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, baina lanpostuak sortu arte ez dutela krisia gainditutzat emango ohartarazi zuen. Horren haritik, iazko azken hilabeteetan enplegu sorrera «arina» izan zela ziurtatu zuen Eustatek bere oharrean.
Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak ere ontzat eman zuen BPGaren igoera. Oraingoz, goraldi hori aurten indartzen ari dela ziurtatzeko datu fidagarririk ez dutela azaldu zuen Agirrek, baina «ziurrenik» 2010. urterako hazkunde aurreikuspenak berrikusiko dituztela aurreratu zuen. Orain arte gobernuak egindako azken kalkulua da %0,1 handituko zela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa aurten.
Lopezen gobernuan irakurketarik ezkorrena Bernabe Unda Industria sailburuarena izan zen. Haren aburuz, «Espainia krisitik atera arte, gu ez gara aterako».
Urtebetez atzera egin du EAEko ekonomiak, 2008ko azken hiruhilekotik hasita. Erorketa uste baino sakonagoa izan da, baina espero baino lehenago gainditu da. Hain zuzen ere, bi urterako atzeraldia iragarri zuen Agirrek, joan den urteko maiatzean kargua hartu zuenean. Martxora arte ekonomia ez zela atzeraldi teknikoan sartuko defendatu zuenIbarretxeren gobernuak.
Edonola ere, 2009. urtean %3,3 egin zuen atzera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak. Historia hurbilean parekorik ez duen uzkurtzea izan da. Urte arteko tasari erreparatuz gero, zikloaren unerik gogorrena uztaila eta iraila bitartekoa izan zen, %4,1eko jaitsierarekin. 2009ko azken hiruhilekoan %2,5 murriztu zen BPGa, aurreko urtekoarekin alderatuz gero.
Nafarroan, bigarrenez gora
Nafarroako Estatistika Erakundeak ere herrialdeko ekonomiari buruzko datu aurreratua eman zuen atzo. Horren arabera, bigarren hiruhilekoz jarraian gora egin zuen BPGak. Iazko uztaila eta iraila bitartean atzeralditik atera zen Nafarroa, ustekabean %0,5eko hazkundea izan ondoren. Urteko azken hiruhilekoan BPGaren igoera askoz apalagoa izan da -soilik %0,1- baina «atzeraldiaren irteera finkatzeko» balio duela ziurtatu zuen Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun sailburuak.
Heldu den otsailaren 17an, urteko itxierari buruzko datu zehatzak emango dituzte. Hala ere, urtearen joanean, BPGa %2,5 uzkurtu zen Nafarroan. Aurten, berriz, emaitza positiboak espero ditu Mirandak, baina ez zuen aurreikuspenik jakinarazi.
Lopez lehendakariak egin zuen modura, orain lehentasuna langabeziari aurre egitea dela ziurtatu zuen Mirandak. Hego Euskal Herrian 178.000 langabe daude, horietatik 43.000 Nafarroan.
Bestalde, Espainiako Bankuak aurreratu zuen datua baieztatu zuten atzo: BPGa %0,1 erori zen, eta, artean, Espainiak ez du atzeralditik libratzea lortu.
Atzeraldi teknikoa gainditu dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak
2009. urteko azken hiruhilekoan %0,2 igo zen barne produktu gordina, eta aurtengo aurreikuspena berrikusiko du Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu