Atzeraldia itzuliko den mamuak %5eko jaitsierak eragin ditu burtsan

Italian CGIL sindikatu nagusiak grebara deitu du gaur, Berlusconiren murrizketa plana salatzeko

Iker Aranburu.
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Azken urteotako abuztu nahasienari antzeko itxura duen irailak jarraitu dio. Egoera ekonomikoari buruzko zalantza handiek burtsan isla izan dute: ostiraleko %3 inguruko jaitsierari beste koska bat gehitu diote finantza merkatuek, %5 inguru jaitsi baitira.

Merkatuetan zabaltzen ari den giro ezkorra pertsonalizatu behar izanez gero, Christine Lagarderen izena nabarmendu da. Igandean, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak ohartarazi zuen Mendebaldeko ekonomiak berriro atzeraldian sartzeko arriskua «berehalakoa» dela. Agintariek duela bi urte krisiari aurre egiteko baliatutako tresna batzuk jada agortuta daudela ziurtatu zuen Lagardek. Bizkor-bizkor erantzun zion atzo Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. «Guk ez dugu uste Europan atzeraldia izango denik. Gure azken iragarpenek diote hazkundea izango dela Europako Batasunean, apala bada ere».

Barrosori baino jaramon gehiago egin diote merkatuek Lagarderi: Frankfurteko DAX indizeak %5,28 galdu zuen, Eurostoxxek %5,11, Parisko CACek %4,73, Madrilgo Ibexek %4,69, Londresko FTSEk %3,58... AEBetan ez zen saiorik izan, jaieguna zelako.

Jaitsieraren protagonista nagusiak bankuak izan dira, Lagardek aipatu duelako kapitala 200.000 milioi euro handitu beharko luketela. Herrialde guztietakoek jaso dute kolpea: Alemaniako Deutsche Bank %8,89 galdu zuen, Frantziako Societe Generalek %8,64, Herbehereetako INGk %8,53, Italiako Intesa San Paolok %6,96 etaEspainiako Santanderrek %5,94.Euskal Herriarekin lotura zuzenagoa dutenen artean, BBVAk %5,79 utzi zuen eta Banca Civicak %2,71.

Greziaren eta Italiaren dudak

Baina jaitsiera ezin zaio Lagarderen adierazpenei soilik leporatu. Hasteko, New Yorkeko merkatua erori egin zen ostiralean, egiaztatu zenean AEBetan langabeziak %9an jarraitzen zuela.

Europak ere eman ditu ezkortasunerako arrazoiak. Greziako Gobernuak, esaterako, aitortu du ezingo duela defizit publikoa agindutako gutxitu, nahiz eta Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak dirua utzi dioten. Atenasko gobernua bigarren erreskatearen zain dago bere ordainketei aurre egiteko, baina gerta liteke hori ez jaso ahal izatea. Bihar, Alemaniako Gorte Konstituzionalak erabaki behar du Greziaren bigarren laguntza multzo hori konstituzionala den ala ez. Ezezkoak auzitan jarriko luke Alemaniaren parte hartzea, eta hori gabe maileguak onartu behar dituzten beste herrialde batzuek ere atzera egitea erabaki dezakete.

Italiarentzat ere astea erabakigarria da. Silvio Berlusconiren gobernuak onartu duen murrizketa plana gaur iritsiko da Senatura. Plan horrek aldaketa handiak jaso ditu azken asteotan; besteak beste, erori da aberatsak gehiago zergapetzeko proposamena. Gobernuaren beste proposamen baten arabera, enpresa batek eta langileak sinatu ahal izango dute Italia osorako hitzarmenen baldintzak aldatzen dituen lan itun bat. Sindikatuek ez dute batere begi onez hartu neurria, eta haien artean handienak, CGILek, grebara deitu ditu gaurko herritarrak. «Berlusconik zerga handiagoak jarri nahi dizkie langileei eta erretiratuei, zerbitzuak eta osasuna murriztu ditu, ez du kontu publikoen oreka bermatu, eta ez die lagunduko hazkundeari edo enpleguari», azaldu du.

Berlusconiren azken orduko aldaketek susmo txarrak eragin dituzte merkatuetan, eta Italiaren arrisku sariak gorantz jarraitzen du, Espainiarenak bezalaxe, Europako Banku Zentralak baten zein bestearen zorra bigarren merkatuetan erosten jarraitzen duen arren. Egia da, ordea, bi estatu horien arrisku sariaren igoeraren zati bat Alemaniako zorraren merkatzeari dagokiola. Izan ere, burtsatik eta Europako herrialde periferikoen zorretik ihesi dabiltzan inbertsiogile askok Alemaniako bund segurura jotzen ari dira babes bila, eta horren ondorioz gero eta interes txikiagoa ematen du: %1,87baino ez.

Agintari ohien deialdia

Zor subiranoaren krisiari aurre egiteko eztabaidan dauden neurrietako bat eurogune osorako zor bateratua jaulkitzea da. Atzo, Tony Blair, Gerhard Schroeder, Felipe Gonzalez eta beste agintari ohi batzuek neurri horren alde egin zuten, Nouriel Rubini eta Joseph Stiglitz ekonomistekin batera sinatutako artikulu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.