EKONOMIA

Atzeraldia moteldu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Barne produktu gordina %0,1 erori da urteko bigarren hiruhilekoan, aurrekoan baino lau hamarren gutxiago.  Urte arteko tasan jaitsiera %1,5ekoa izan da (-%1,9 aurrekoan).

Iker Aranburu.
2013ko irailaren 9a
13:50
Entzun

Atzeraldi teknikoa atzean uzteko moduan dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia. Eustatek zabaldutako datu aurreratuaren arabera, hiru lurralde horietako barne produktu gordinak %0,1 egin zuen atzera urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera. Zortzi hiruhileko jarraian daramatza ekonomia uzkurtzen, 2011ko hirugarren hiruhilekotik, baina jaitsiera asko apaldu da apiriletik ekainera doan aldian, haren aurreko bi hiruhilekoetan %0,5 txikitu baitzen.

Urte arteko tasan ere hobekuntza bat antzematen da: %1,5 txikitu da BPGa azken hiruhilekoan, urte hasieran baina lau hamarren gutxiago.

Eskaintzaren ikuspegitik, sektore guztiek urte arteko bilakaera negatiboa izan dute 2013ko bigarren hiruhilekoan, nahiz eta haien tasak ez diren aurreko hiruhilekoan bezain negatiboak izan. Eskariaren ikuspegitik, kanpoko sektorearen ekarpenak positiboa izaten jarraitzen du, eta barne eskariak apaldu egin du jaitsiera. 

Enpleguaren bilakaera ere txarra da: %2,5 gutxitu dira  jardunaldi osoko lanpostuak azken urtean, %0,1 azken hiruhilekoan. Aldagai horretan ere jaitsierak handiagoak ziren aurreko hiruhilekoetan.

Datu zabalagoak ostegunean kaleratuko ditu Eustatek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.