Atzeraldian sartu da Hego Euskal Herri osoa

Aurtengo lehen hiruhilekoan %0,3ko jaitsiera izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Espero zena baieztatu dute Eustaten datuek: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa atzeraldian sartu dira, krisia hasiz geroztik, bigarren aldiz. Barne produktu gordinak bi hiruhilekotan jarraian behera egiten duenean esaten da ekonomia bat atzeraldian dela. Hori gertatu zaie Araba, Bizkai eta Gipuzkoari: iazko azken hiruhilekoan, %0,2 egin zuen behera BPGak, eta urtarriletik martxora bitartean, %0,3. Datorren astean emango ditu xehetasunak Eustatek, besteak beste, herrialde bakoitzeko bilakaerari buruzkoak. Dagoeneko Hego Euskal Herri osoa dago atzeraldian, Nafarroako ekonomiak ere %0,7ko jaitsiera izan baitzuen aurtengo lehen hiruhilekoan eta %0,3koa aurrekoan.

Zehazki, hiru urte pasatu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa estreinakoz atzeraldian sartu zirenetik. 2009ko maiatzean baieztatu zuen lehen aldiz Carlos Agirre Ekonomia sailburuak, kargua hartu berritan. Alde positiboari begiratuz gero, esan behar da beherakada ez dela orduan bezain gogorra. Txanponak, ordea, badu beste aldea ere. Ekonomialarientzat, oro har, kezkagarria da double dip atzeraldi bat gertatzea, hau da, atzeraldi handia igaro ondoren hasitako susperraldi ahula blokeatzea eta ekonomiak berriro ere behera egitea.

Eustatek datuaren berri eman aurretik, ziurtzat jotzen zen ez zela ona izango. Azkenaldiko emaitzei begiratu besterik ez dago. Eustaten arabera, urtarriletik martxora bitartean 16.400 enplegu galdu dira hiru herrialdeetan. Industria da ekonomiaren motorra, eta aurrerantzean ere hala izango dela dirudi. Ez dago, ordea, bere onenean. Martxo bukaerako datuen arabera, industria ekoizpenak %7,6ko beherakada izan du urtebetean, eta %2,4koa hiruhileko batetik bestera. Familiek ere ez dute lehen adina kontsumitzen. Txikizkako sektorearen salmentek, esaterako, %0,9ko beherakada izan dute urtebetean.

Herritarren poltsikoei eragiten dien beste datu bat ere eman du INE Espainiako Estatistika Erakundeak. Kontsumo prezioen indizeak (KPI) %1,3ko gorakada izan du apirilean, azken urteetan hilabete bakar batean izandako igoerarik handiena. Faktore batek eragin du gehienbat gorakada: argindarraren garestitzeak. Dendetan udaberri eta udako arropa eta oinetakoak jarri izanak, Aste Santuko oporraldiak eta erregaien garestitzeak ere izan dute zerikusia. Urte arteko inflazioa %2an mantendu da, otsailean eta martxoan bezala. Urte hasieratik apiril bukaerara arte, berriz, %0,9 garestitu dira salneurriak.

Euskadiko CCOOren etaUGTren arabera, kezkagarria da datua, langileen erosteko ahalmenaren galera dakarrelako.Espainiako Gobernuak energiaren eta uraren gainean hartutako neurriak salatu ditu CCOOk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.