Atzeraldiaren mamua, bueltan

Inbertsiogileek galera handiak eragin dituzte burtsetan, ez dutelako konfiantzarik AEBek eta euroguneak hartu dituzten neurrietanAtzeraldian sartzeko arriskua egunetik egunera handiagoa dela esan du Zoellickek

2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Munduko ekonomiaren inguruko aurreikuspen ezkorrek ezerezean utzi dituzte hango eta hemengo gobernuek krisiari aurre egiteko azken egunotan egin dituzten ahaleginak. Inbertsiogileek sinesgarritasun handiagoa eman diete NDF Nazioarteko Diru Funtsaren iragarpen beltzei, euroguneak eta AEBek igorri nahi izan dituzten lasaitasun mezuei baino. Ez dute uste murrizketa neurriekin bakarrik euroguneko zorraren krisia gainditzerik dagoenik, ez dute uste Erreserba Federalak herenegun iragarritako estrategia aldaketarekin bakarrik AEBetako ekonomia berpiztuko denik; kontrara, berriz atzeraldian sartzeko arriskua handitzen ari dela uste dute. Horregatik, konfiantzarik ez dutelako, finantza merkatuetan inbertitutako dirua berreskuratzeari ekin diote, eta burtsetan sekulako jaitsierak eragin dituzte: Europakoek %4tik gorako galerak izan zituzten atzo.

Herenegun iluntzean hasi zen burtsen gain behera, Erreserba Federalak AEBetako ekonomia eta lan merkatua berpizteko egitasmoa aurkeztu zuenean. Iragarri zuen epe motzerako zor tituluak epe luzeragokoengatik aldatuko dituela eta gutxienez bi urtez AEBetako interes tasak %0,25ean mantenduko dituela. Erakundearen ustetan, operazio horrek likidezia bermatuko die finantza erakundeei, eta sendiei hipoteka eta kontsumorako mailegu gehiago eta merkeagoak emango dizkie. Hartutako neurriekin, ordea, agerian utzi zuen AEBetako ekonomiak motel jarraituko duela denbora luzean, eta inbertsiogileek ez zioten barkatu aurreikuspen horiek izanik neurri eraginkorragoak ez hartzea, zorra modu masiboan erosteari ekitea, esate baterako.

Hori horrela, Wall Streeteko indize nagusiak berehala hasi ziren jaisten, eta atzo ildo beretik esnatu ziren Europakoak, %5etik gorako galerekin haietako asko. Egun osoan izan zituzten gorabeheraren batzuk, baina apenas errekuperatu zuten ezer. Euroguneko eta Europako Batasuneko kontsumitzaileek ekonomiaren etorkizunean duten konfiantzak azkenaldiko jaitsierarik handiena izan duela jakiteak, gainera, ez zuen askorik lagundu. Hala, Parisko burtsak %5,25 galdu zuen, Frankfurtekoak %4,96, Londreskoak %4,67, Bilbokoak %4,65, Madrilgoak %4,62 eta Milangoak %4,52.

Berriz ere, galeren buruan Frantziako bankuak ibili ziren, haiek direlako Greziaren zorraren hartzekodunik handienak. Hala, Societe Generalek %9,6 galdu zuen, eta Credit Agricolek %9,5. Herrialdeko bankurik handienak —BNP Paribas—, berriz, %5,7 galdu zuen, inbertsioen departamentuko dozenaka langile kaleratuko dituela iragarri ostean; krisiaren eraginez, %10 murriztu zaio kudeatzen dituen aktiboen kopurua.

2008an baino okerrago

Euskal Herrian eguerdia zenean, AEBetara begira ziren mundu guztiko inbertsiogileak, NDFko eta MB Munduko Bankuko ordezkariak Washingtonen biltzekoak baitziren G20koen hurrengo bilera prestatzeko. Eta handik ere ez zen ustekabeko onik iritsi, adierazpen gordinak egin baitzituzten bai Christine Lagarde NDFko zuzendariak bai Robert Zoellick MBko presidenteak. Egungo egoera krisia hasi zenekoa baino larriagoa dela iradoki zuen Lagardek. «Orduan, 2008an, onbideratzeko tarte handiagoa zegoen, agintariek maniobretarako marjin zabalagoa eta finantza sistemari laguntzeko gaitasun handiagoa zuten; orain, ordea, ez dute muniziorik».

Frantziarra saiatu zen itxaropenari ateak zabaltzen, merkatuen jokaera kritikatuta eta Europarena txalotuta. «Merkatuek ez dituzte egoki balioesten euroguneko herrialde defizitari aurre egiteko eta finantza publikoak onbideratzeko hartu dituzten neurri ausartak». Hala ere, oraingo bidetik jarraitzeko eskatu zien, hori delako zorraren krisia gainditzeko modu bakarra.

Gogor aritu zen Zoellick ere. Hasieran, herrialde aberatsenak bigarren aldiz atzeraldian sartzeko aukera gutxi daudela adierazi zuenean munduari mezu baikorra igorriko ziola pentsatu zuten guztiek. Baina ez zen hala izan, uste hori egunetik egunera indarra galtzen ari dela esan baitzuen, ekonomiaren bilakaeraren inguruko berri txarrengatik. «Oraindik ez dut atzeraldiaren aukeran sinesten, baina, egia esateko, egunetik egunera gehiago sinesten dut». Hori hala, esnatzeko eskatu zien arazoak dituzten herrialdeei. «Utzi erabaki ergelak hartzeari eta ez utzi munduari protekzionismoan erortzen. Munduak buruzagi ausartak behar ditu».

Gainera, Zoellicken esanetan, mundua aurreratua atzeraldian sartzeak atzeraldira bultza ditzake garatzeko bidean diren herrialdeak ere, «eta hori izugarria litzateke». Hain zuzen, Brasilek, Errusiak, Txinak, Hegoafrikak eta Indiak euroaren eremuko zor tituluak erosteko aukera aztertu zuten atzo, baina oraindik urrats hori ez egitea erabaki zuten. Hala ere, «beharrezkoa balitz», arazoak dituzten herrialdeei NDFren bitartez laguntzeko prest agertu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.