Oraintsu izendatu dute Jose Mari Ustarroz Arakil Uharteko artzainaIdiazabal Jatorri Izeneko Kontseilu Arautzaileko presidente.
Jatorri izena aldatzeko eskaera egon dela salatu dute askok. Egia al da hori?
Aspaldi hasitako presioa da. Gurea bezalako merkatuetan erraza da hori gertatzea. Produkzioa handituko dutela uste dute batzuek, eta horren atzetik doaz. Atzerriko ardi arrazen aldeko apustua egin dute, baina guk ez dugu inolako arazorik ikusten horretan, eta ez dugu oztoporik jarriko. Hori bai, beraiek egiten duten gazta ez da Idiazabal izanen, beste mota bateko produkzioa erabiltzen dutelako. Gure araudia garbi dago, eta ardiak zeintzuk izan behar diren guztiok dakigu.
Nafarroako Gobernua ardi berriak sartzearen alde agertu da Erronkari gaztaren kasuan. Zein izan da Gobernuaren jarrera auzi honetan?
Ez dut uste Gobernuak inolako presiorik egin duenik. Presioak talde ekonomiko edo enpresa handietatik datoz. Hauek gaurko irabazietan pentsatzen dute, baina biharko etekinak, edo etzikoak kontutan izan barik. Beti gobernuei egozten diegu aferaguztien errua, baina sektorean gaudenok zer egin behar dugun argi eta garbi baldin badugu, ez dugu arazorik izanen.
Zer diote jatorri izenaren barnean daude ekoizle txikiek?
Ekoizle txikiek badakite ardi latxa babesten jarraitu behar dutela. Arauak noizbait aldatzen badira, ikusiko dugu zer eginen dugu orduan. Ni, behintzat, ez naute hemen ikusiko araudia moldatzekotan. Bitartean, daukagunarekin lan egin behar dugu.
Zein ondorio eragin ditzake latxa baino emankorragoak diren arrazak sartzeak?
Latxa artaldeak oso txikiak dira, toki zailetan haziak. Beste arrazetako esnea onartzen badugu, artalde txiki horiek pikutara joanen dira. Garapen jasangarria desagertuko da baita ere. Artzainak eta horien familiak izanen dira kaltetuenak, latxa ardiek ez baitute inolako baliorik izanen. Eta ez pentsa gazta berbera izaten jarraituko duenik. Gaztak aldatu egingo dira, nahiz eta batzuk kontrakoa esan.
Ekoizpena handitzeko zer da zuek proposatzen duzuena?
Ekoizpenak gora egin behar du, baina prestigioa eta kalitatea alde batera utzi gabe. Prezio egoki bat jartzea da guk proposatzen dugun bidea. Esne arazorik ez daukagu, latxa ardiarekin nahikoa dugulako.
GAZTAGINTZA. IDIAZABAL GAZTA. JOSE MARI USTARROZ
«Atzerriko ardien esnea sartzen badugu, latxa desagertu egingo da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu