Aurrekontua %13 argaldu eta gizarte gastua %7 igo nahi du Gipuzkoak

Diputazioak errepideetako inbertsioak geratuta edo bertan behera utzita aurreztu nahi du diru gehiena: 65 milioi euro inguruBi eurotik bat gizarte zerbitzuetan gastatuko dute, aurrekontu proiektuaren arabera

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioak zenbakiz jantzi du 2012rako gerrako ekonomia: aurrekontu proposamena aurtengoa baino %13 txikiagoa da, baina gizarte politikako gastua %7,67 handitu nahi du. Gizarte gastu gehiago eta porlan gutxiago, errepideetako gastua gutxitu nahi baitute gehien, aurten baino iaz 65 milioi euro gutxiago (%37). Errepideetan egingo dute gastuaren jaitsieraren erdia baino gehiago.

Oraingoz, Gipuzkoa da aurrekontuak gehien argaldu nahi dituen erakundea: Eusko Jaurlaritzak %1 txikitu nahi ditu, eta Bizkaiko Diputazioak %5,3.

Bilduko gobernuak 746 milioi euroko aurrekontua planteatu du datorren urterako. 679,4 milioi euroko aurrekontu propioa eta 67,5 milioi euroko finantza karga (interesak eta amortizazioak). Zorpetzea aurreikusi du, baina urtean amortizatuko den zorraren pareko kopuruan: 48,6 milioi euro. «Zorra zama izan ez dadin», Helena Franco Ogasun diputatuaren arabera. «Ez gara zorpetuko gastu berriak egiteko». Diputazioak 568 milioi euroko zor metatua du.

Doikuntzek baldintzatutako aurrekontuak dira. «Erabat beharrezkoa ez den guztia ezabatu dugu», esan zuen atzo Francok aurrekontuen proiektuaren aurkezpenean. Francok eta Martin Garitano diputatu nagusiak proiektua eman zioten Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidenteari.

Ez dira Bilduko gobernuak egoera arrunt batean egingo lituzkeen aurrekontuak, baina egoera ez da arrunta, eta egoerara moldatu behar izan dute. Hala ere, mugak muga, Garitanok nabarmendu zuen Bilduk nahi duen gizarte eredurantz egindako «lehen urratsa» direla, «herritarren benetako premiei erantzuteko».

Gizarte politikak du lehentasuna. Gizarte zerbitzuetan eta laguntzetan gastatuko dute ia bi eurotik bat. Errepideetako gastua, aldiz, asko gutxituko da: lehen bost eurotik bat zen, eta orain sei eurotik bat izango da.

Garitanok eta Francok agerian utzi nahi izan zuten neurri handi batean eskuak lotuta eduki dituztela, bai nazioarteko krisiarengatik, bai «aurreko gobernuen jokaera arduragabeagatik». Arduragabekeria leporatu diete, ahal zuten baino gehiago gastatzeagatik, eta gehiegizko gastuaren zuloa zorraren eta soberakinen bidezestaltzeagatik. «Bide hori amaitu da», Francoren esanetan, «daukaguna gastatuko dugu».

Mugak eta baldintzak

2012rako gastuen atalean bi muga izan dituzte: alde batetik, gizarte politikako gastuaren zati handi bat finkoa izatea, urtetik urtera eutsi beharrekoa; bestetik, aurreko gobernuak 200 milioi euroko gastua hitzartuta utzi izana.

Diputazioak langileen soldatak izoztu nahi ditu, eta espero du negoziazioetan sindikatuek «arduraz» jokatuko dutela.

Aipagarriak dira «beharrezkoak ez diren gastuetan» egindako zenbait murrizketa: publizitatean %45, argitalpenetan %42, erakusketetan eta sariketetan %29, ekitaldi ofizialetan %27...

Diru sarrerei dagokienez, zerga bilketa da diru iturri nagusia, eta azken urteetan behera egin du. Diputazioak aurreikuspen «zuhurra» egin du, aurreikuspen baikorregien ondorioz gero murrizketa gehiago egin behar ez izateko. Aurrekontu proiektuan ez daude sartuta Diputazioak planteatutako zerga erreformak eragingo lituzkeen diru sarrerak, 75 milioi euro inguru. Francok uste du hobe dela itxarotea eta datu errealak dituztenean sartzea. Diputazioak ez du espero zerga erreformaren bidez bildutako dirua urtean zehar erabiltzea.

Negoziazioak

Atzo aurkeztutakoa aurrekontuen proiektua da. Abenduaren 25ean egingo dute datorren urteko aurrekontuak onartzeko osoko bilkura Batzar Nagusietan.Ordurako Diputazioak, Bilduk, gainerako alderdiekin negoziatu beharko du, onartu ahal izateko. EAJk, esaterako, baldintza bat jarri dio behintzat: krisiaren kontrako plan bat onartzea, enpresei laguntzeko. Garitanok, krisiaren kontrako neurriei eta planei buruz galdetuta, erantzun zuen ez daukatela krisiaren kontrako diru atal berezirik, atzo aurkeztutako aurrekontu osoa dela krisiaren kontrako plana.

Enpresak laguntzeko neurriak badaude. Dena den, Francok ohartarazi zuen «kritikoak» izango direla, eta ez dituztela laguntzak «musu truk» emango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.