EH Bilduk aurrekontuen alorrean dituen lehentasunak azaltzeko, agerraldi bat egin du gaur Laura Mintegi koalizioko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eskatu dio Espainiako Gobernuaren politika ekonomikoa ez "imitatzeko", eta ohartarazi dio Madrilen neurriak "moztuz eta itsatsiz" gero "jakina" dela "ondorioak beldurgarriak" direla.
"Burujabetzaren parametroetatik herria eraikitzeko aurrekontuak behar ditugu. Porrotera eraman gaituen eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko balio behar dute", azaldu du.
Mintegiren esanetan, aurrekontuek "txirotze politikak eten eta herritarren behar sozialei eta laboralei erantzuteko tresna" izan behar dute: "Bestelako politika ekonomiko bat behar da, hemen pentsatua eta hemengoentzat, umilei begiratuko diena eta boteretsuekin hain zuhurra ez dena".
Gaineratu du aurrekontuen tramite epean EH Bilduk jarrera "kritikoa baina eraikitzailea" izango duela. Halaber, esan du koalizioa oposizioko lehen indarra dela; "eta, ikusitakoa ikusita, bakarra", erantsi du, EAJk, PSEk eta PPk zergen alorrean lortutako akordioa gogora ekarriz.