Krisia eurogunean

Aurrekontuen eta zorraren erabakiak taldean hartzea nahi du Europak

Van Rompuyk aurrekontuen kontrola, eurobonuak eta euroguneko Altxorra proposatu ditu datozen hamar urteetarakoHerrialdeek burujabetza gehiago galduko dute, batasun ekonomikoaren izenean

jakes goikoetxea
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Bankuen ikuskatzaile bakarra. Euroguneko Altxorra. Eurobonuak. Herrialdeen aurrekontuak atzera botatzeko aukera. Zorpetzeko mugak. Halakoa izan behar du Europako Batasunak datozen hamar urteetan, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearen arabera. Herrialdeek, beraz, askoz ere burujabetza gutxiago izango dute.

Zer nolako egitura behar du Europako Batasunak datozen hamar urteetan herrialdeen arteko desorekak gutxitzeko, batasuna indartzeko, krisiei hobeto aurre egin ahal izateko eta hazkundea bultzatzeko? Galdera horiei erantzun die eta proposamen orokor batzuk egin ditu Van Rompuyk, zazpi orriko testu batean.

Ez da proposamen pertsonala. Europako Batasuneko erakunde nagusien babesa du, Van Rompuyk laguntzaile izan baititu Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea, Mario Draghi Europako Banku Zentralekoa (EBZ) eta Jean Claude Juncker Eurotaldekoa (euroguneko Finantza ministroen taldea). Testua bihar eta etzi aztertuko dute, Europako Batasuneko agintariek, Bruselan. Alemaniako, Espainiako, Frantziako eta Italiako Finantza ministroak atzo bildu ziren, goi bilera prestatzeko.

Proposamenak hiru eremu bateratu nahi ditu: finantza sektorea, aurrekontuak eta politika ekonomikoak.

Bankuen batasuna da Europako Batasuneko (EB) agintarien eskaera nagusienetakoa eta biharko eta etziko goi bileretako gai garrantzitsuenetakoa. Krisiak agerian utzi ditu finantza sektorearen arau eta gainbegiratze falta. Egoera konpontzeko asmoz, Van Rompuyk errezeta ezagunak proposatu ditu, aurreko hilabeteetan zabaldutakoak: EBko finantza erakundeentzako gainbegiratze erakunde bakarra eta funts bateratuak bezeroen gordailuak bermatzeko eta bankuak erreskatatzeko (bankuek jarritako diruarekin). Herrialde bakoitzak kontrol sistema propioari eutsiko lioke, baina Europako Batasunekoaren erabakien mende. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ez du funts bateraturik nahi.

Finantza erakundeen kontrola

Finantza erakunde guztiak kontrolatuko lituzke, ez nazioartekoak bakarrik. Guztietan esku hartu ahal izango luke (8.300 baino gehiago dira). Baita Alemaniakoetan ere. Merkelek ez du nahi.

Europako Batasuneko herrialde gehienek onartu dute defizit publikoa legez mugatzea. Van Rompuyk gehiago nahi du: herrialde bakoitzaren aurrekontuen eta zorpetzearen mugak herrialde guztien artean erabakitzea. Herrialde batek gehiago zorpetu nahiko balu, gainerako guztien baimena beharko luke. Zeren truke? Aurrekontuetan aldaketak egitearen truke.

Europako erakundeen proposamenak eurobonuak aipatzen ditu. Epe erdira aztertu beharreko gaia dela dio.

Merkel eurobonuen kontra dago. Askotan esan du. Atzo ere bai: «Ni bizi naizen bitartean Europak ez du zor guztia partekatuko», esan zien alderdikideei, Reutersen arabera. Baieztapena ez da hainbesterako eta ez ditu eurobonuak erabat baztertzen, eurobonuen bitartez zor guztia ez, baina herrialdeen zor publikoaren zati bat parteka baitezakete.

Alemaniako Gobernuaren Ekonomialarien Aholku Batzordeak proposatu zuen euroguneko herrialdeen zorraren zati bat partekatzea, barne produktu gordinaren %60tik gorakoa. Defizita murriztearen eta neurriak hartzearen truke.

«Zer behar da Alemaniak eurobonuak onartzeko?», galdetu zion Der Spiegel aldizkariak Wolfgang Schaueble Finantza ministroari. «Egoera ezin hobe batean, Europako Finantza ministro bat egotea, herrialdeen aurrekontuak atzera botatzeko gaitasunarekin eta herrialdeen zorpetze berria baimentzeko eskuduntzarekin», erantzun zuen ministroak.

Van Rompuyren proposamena ez dago urruti. Atzo hainbat hedabidek zabaldu zuten Finantza superministerio bat sortzea proposatuko dutela, baina agirian ez da halakorik aipatzen. Testuak dio Batasun fiskalak aurrera egiten badu Europako Batasuneko Altxorra ere behar dela. Jacques Delors eta Helmut Schmidt sozialistek eta hainbat ekonomialarikproposatu dute Finantza superministerioa sortzea, zor bateratua jaulkitzeko eta herrialdeetako aurrekontuak atzera botatzeko eskumenekin.

Europako Batasunaren eta euroaren sorreraren eraginez, herritarrei eragiten dieten erabakiak herritarrengandik gero eta urrunago hartzen dira. Herrialdeen funtzionamendurako oinarriak ere, aurrekontuak, Europako Batasunaren esku geratuko dira neurri handi batean. Aurrekontuek Europako Batasuna arduratuko da aurrekontuak kontrolatzeaz, mugatzeaz eta, kasu batzuetan, aldarazteaz.

Urrats zehatzik ez

Horregatik, proposamenak dio «funtsezkoa» dela«herritarren babesa eraikitzea Europako erabakien alde». Integrazio prozesuak kontsultetan eta parte hartzean oinarritu nahi dute. Orain artean, baina, Europako Batasuneko agintariak herri galdeketen beldur izan dira eta, ahal izan dutenean, saihestu egin dituzte.

Van Rompuyk apailatutako proposamenean ez da urratsik eta eperik zehazten. Hori Europako Batasuneko agintariei dagokie, herrialdeetakoekin batera. Behin-behineko txostena urrirako nahi dute; zehatzagoa, abendurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.