Koiuntura ekonomikoa

Aurrera egiten ari da Gipuzkoako ekonomia, baina erritmoa mantsotu du

Adegiren arabera, Europako ekonomiari buruzko kezka gero eta handiagoa da Gipuzkoako enpresen artean.

Adegiko ordezkariak, gaur goizean. ARGAZKI PRESS
Miren Garate.
2014ko urriaren 2a
09:53
Entzun

"Gipuzkoako ekonomia poliki aurrera egiten ari da; oraindik Espainiako ekonomiaren ahulezia da enpresen kezka nagusia, baina nazioarteko egoera ekonomikoarekiko kezkak gora jarraitzen du, Europaren geldialdiagatik eta gorabidean diren herrialdeen ahuleziagatik". Esaldi horrekin laburbildu dituzte Adegiko ordezkariek Gipuzkoako koiuntura ekonomikoari buruzko txostenaren emaitzak. Gipuzkoako ekonomia asko jota %1 haziko da aurten Adegiren arabera.

Azaldu du salmenten hobekuntzak halaxe jarraitzen duela, bai barne merkatuan bai kanpokoan, nahiz eta hazkunde erritmoa moteldu den. Ekoizteko gaitasunaren %81,5ean ari dira gaur egun Gipuzkoako enpresak, eta 2008ko irailetik izandako mailarik onena da hori. Enpresen konfiantzak hobetzen jarraitzen du, eta finantzaketa arazoak ere gutxitzen ari dira.

Enpleguari dagokionez, aldaketa handirik ez dute aurreikusten enpresek. "Agian pixka bat jaits daiteke urtaroen araberako enpleguaren arabera".

Diputazioak notarik txarrena

Gipuzkoako Diputazioak indarrean jarritako aberastasunaren eta fortuna handien zerga gogor kritikatu dute Gipuzkoako enpresek. "Enpresentzat hura da zergarik desegokiena". Halaber, Adegik aurkeztutako txostenak dio Gipuzkoako Diputazioa dela erakunde publikoen artean balorazio txarrena duena. Batetik bostera, 1,8ko puntuazioa eman diote enpresek aldundiak enpresei ematen dien babesari. Eusko Jaurlaritzak 2,9ko puntuazioa jaso du, eta Espainiako Gobernuak, 2,4koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.